Hiru Urrezko Zeledoi eman dituen herrian bisitan izan dira elkartekoak

Julen Iriondo 2014ko aza. 10a, 16:06

Urrezko Zeledonak elkarteko kideak Aramaion izan dira bisitan, tartean izendapen hori jasoa duten herriko hiru semeak: Rafael Mendialdua, Sabin Salaberri eta Josemari Velez de Mendizabal –aurten bertan jaso du–. Aramaioko Udalak harrera egin die Urrezko Zeledonei.

Urrezko Zeledonak elkartearen beraren ekimena izan da Aramaiora bisitan etortzea; ezohikoa, baina herriak hiru Urrezko Zeledon eman dituela kontuan hartuta, erabat justifikatua, elkarteko presidente Javier Camenok zapatuan adierazi  zuen bezala. Eta 1962 urtetik Urrezko Zeledon izendapena jaso duten pertsonak batzen dituen elkarteak Aramaiora bisita egitea erabakita, Udalak harrera egin zien zapatu eguerdian.

Gasteizen urtero ematen den herri sari garrantzitsuena da Urrezko Zeledona. Hiriari egindako ekarpenagatik ematen dute saria, eta jaso dutenen artean daude Rafael Mendialdua, Sabin Salaberri eta Josemari Velez de Mendizabal –aurten bertan jaso du honek–. Hiru aramaioarrak elkarteko beste hainbat kiderekin egon ziren  Aramaion.

Dantzariek hainbat dantza egin zizkieten, aurrena, udaletxearen aurrean, eta Manex Agirrek bertsoak kantatu ondoren; ongietorria eman zien Agirrek, eta Urrezko Zeledonei aitortu bakoitzak bere esparruan egiten duen edo egindako "urregorrizko" lana. Aramaion hiru Urrezko Zeledon izatearen gainean, berriz, esan zuen "herri txikiak jende handia" eman dezakeela.

Osoko bilkuren aretora igo ziren ondoren, eta han zenbait oroigarri eman zizkioten elkarri elkarteak eta Udalak. Egindako hitzalditxoan, Ramon Ajuria alkateak adierazi zuen "ohorea" dela Urrezko Zeledonen bisita jaso izana, eta izendapena duten herriko hiru semeei buruz, "ondo merezita" dutela.

Elkarteko presidente Javier Camenok hartu zuen ondoren hitza, eta azpimarratu zuen zein berezia den Gasteizko saria hiru aramaioarrek jaso izana, Urrezko Zeledon gasteiztarren batentzat izaten da-eta normalean. Camenok eskerrak eman zizkion herriari, egindako harreragatik.

Josemari Velez de Mendizabalek ere egin zuen berba, eta goraipatu zuen aramaioarren izaera berezia, eta Aramaiok Arabari egiten dion ekarpena nabarmendu. Udaletxeko ekitaldiaren ostean, guztiak batera bazkaldu zuten herriko elkarte batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak