Motor hotsak, goma erre usaina eta abiadura izan ziren nagusi Aramaion, zapatuan. Uribarri auzoan hasi eta Andra Mariko bidegurutzeraino, 7,8 kilometroko ibilbidea egin zuten Aramaioko XIII. Rallysprinta jokatu zuten 65 automobilek. Kantabriatik etorritako Jonathan Cabo eta Urbano Alonso nagusitu ziren lasterketan, zergatik diren Kantabriako txapeldunak erakutsiz.
Ibilbide polita baina zaila
Ibilbide polita da Aramaioko auzoen artean egiten dena, eta ikuskizun polita autoek sortzen dutena. Hori horrela, ikusle ugari pilatu zen, aurtengoan ere, bide bazterretan. Inhar Amenabar pilotu aramaioarrak eta era berean antolatzaileak, zera zioen: "Zati politak ditu eta jendeak gustuko du. Estuguneak ditu, zona zabalak ere bai; orain gora, orain behera… Hortaz, polita benetan". Baina hainbat piloturen esanetan zaila ere bai: "Zaila, arriskutsua eta teknikoa". Hori edo beste arrazoi batzuk tarteko hemeretzi autok ez zuten bukatzerik izan. Amenabar pozik zegoen bukaeran: "Kolperen bat edo beste egon da baina ezer larririk ez". Euriaren beldur izan zirela onartu zuen: "Une batean euria hasiko ote zen pentsatu dugu. Baina ez denez horrela izan lasterketa ondo joan da, eta antolaketa kontuei dagokienez pozik gaude emaitzarekin".
Lehia estua lehen bien artean
Azken urteotan pilotu bat gonbidatu izan dute lasterketara; iaz Kataluniatik etorri ziren eta aurten Kantabriatik: "Iazko kataluniarrek arazo batzuk izan dituzte eta ezin izan dute etorri, baina Kantabriakoekin ere gustura". Jonathan Cabo pilotua eta Urbano Alonso kopilotua etorri ziren Renault Clio Maxi Kit Car autoarekin. Eta horiexek izan ziren nagusi (15:27.500). Bigarren postuan geratu ziren Mattin Villares eta Andoni Blas, horiek ere Renault Clio Maxi autoarekin (15:29.700); eta hirugarren, Iban Tarsicio eta Iñigo Peña (15:37.100) Mitsubishi Evo IX ibilgailuarekin. Kantabriako txapeldunek eta bigarren geratu ziren nafarrek lehia estuan jardun zuten. Lehenengo eta hirugarren txandatan guztiz berdinduta ibili ziren, eta bigarrenean ateratako bi segundori esker irabazi zuten Cabok eta Alonsok.
Debagoiendarren emaitzak
Debagoieneko ordezkaritza ere izan zen Rallysprintean. Eta bikote bakarrak jaso arren saria lasterketa politak egin zituzten gehienek. Pv1 edo lehenengo klasean Arrasateko Unai Bengoa eta Ander Garcia bigarrenak izan ziren, eta Eskoriatzako Gorka Ibabe eta Nekane Santos oñatiarrak laugarrenak. Hain zuzen Bengoa eta Garcia junior mailan ere sartzen dira, eta saria eskuratu zuten hor. Lasterketa "txarra" egin zuten; izan ere, lehenengo txandan kolpea eman zioten autoari eta gero hala moduz ibili zen. Hala eta guztiz, maila horretako gainerako autoek ez zuten bukatu lasterketa eta sariarekin itzuli ziren etxera, "benetan oso pozik".
Eskoriatzako Joseba eta Aitor Frutos anaiak bigarrenak izan ziren Pv3 klasean; eta Pv10 klasean, Inhar Amenabar eta Agurtzane Zubieta bosgarrenak. Gorka Idigoras eskoriatzarrak eta Monika Muñozek, ostera, ezin izan zuten bukatu lasterketa.
Amenabar pozik zegoen Zubieta kopilotuarekin batera egindako lanarekin: "Orain dela urtebete kolpea eman nion autoari eta gaur arte ez dut ibili. Ondorioz, lehenengo txandan urduri ibili naiz, baina lasterketak aurrera egin ahala gero eta gusturago jardun dut".
Txapelketa bukatzeko bakarra
Aramaioko lasterketa denboraldiko zazpigarren proba izan da. Euskadiko txapelketa bukatzeko bakarra geratzen da, Goierrikoa; azaroaren 15ean jokatuko dute.