Eman diete hasiera Muru auzoko saneamendu eta sarrera hobetzeko lanei

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko ira. 12a, 15:00

Aramaioko Muru auzoko hondakin urak saneatzeko eta auzorako sarbidea egokitzeko proiektua abuztuan esleitu zuen Aramaioko Udalak eta atzo, eguena, eman zieten hasiera ofiziala obrei. Horretarako, bertan izan ziren Aramaioko alkate Ramon Ajuria, Udaleko idazkaria eta teknikari bat, Foru Aldundiko beste teknikari bat eta lanok egingo dituen Excavaciones Arrasate enpresako zuzendari eta arduradunak; obrei ekiteko beharrezkoa den hasiera-akta sinatu zuten.

Lanok egiteko beharrezko makineria datorren asteko martitzenean eramango dute bertara eta lan hauexek egingo dituztela azaldu du Aramaioko alkate Ramon Ajuriak: “Hasiko dira lehenengo saneamenduarekin eta hoditeria guztiak jarriko dituzte. Eta horren ostean errepidea konponduko dute eta bidea asfaltatuko dute”.

Obra horiek hiru hilabeteko epean egingo dituzte, eta beraz, espero dute lanok abenduan amaitzea. Aurrekontua, bestalde, proiektuan aurreikusitakoa baino txikiagoa da: 290.900 euro, BEZa barne. Eta gainera, Arabako Diputazioak %100ean ordainduko du. Beraz, alkatea pozik dago lortutakoarekin: “Irtenbide bat topatu dugu, lortu dugu diru laguntza osoa, %100a, aurrera doa proiektua eta oso pozik gaude”, dio alkateak.

Auzotarrak ere gustura daude azkenean Murun ur zikinen eta euri uren sarea berrituko delako eta errepidea egokituko delako. Hasi dira, beraz, Muruko auzotarrak urte askoan itxaroten egon diren obrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak