Iturrizuri eta Matxain kaleen artean zubi berri bat egongo da laster. Izan ere, plan orokorrean jasotzen zen bi kaleak lotzeko beharra. Hau da, Iturrizuri kalea garatu zenean plan orokorrak jasotzen zuen Matxain kalearekin lotu behar zela, eta Udalak orain jarriko du zubia. Azaldu dutenez, orain dute aukera zubi hori jartzeko.
23 metroko luzera
Zubia egurrezkoa da erabat, eta 23 metro inguruko luzera du. Oso malda txikia duenez eta egurrezkoa izan arren, ez da espero irristatzeko arrisku handirik egongo denik. Nafarroako Madergia enpresak egingo ditu lanak eta dagoeneko hasi dira zubi zatiak ekartzen. Udaleko aholkulari teknikoa den Oier Ezkerrak azaldu du zein izango den zubia jartzeko prozesua: "Hasi dira zubiak ekartzen eta bertan muntatuko dute. Guztiz muntatuta dagoenean garabi bat jarriko du bere lekuan".
Abuztuko oporren aurretik, zubia jarrita
Zubia jartzeko lanen aurrekontua 30.000 euro ingurukoa da eta obraren kostua Udalak hartuko du bere gain. Abuztuko oporren aurretik zubia jarrita egongo da.