Aitor Villareal irakaslearendako lehen ikasturtea izan da aurtengoa eta dioenez, "oso pozik" aritu da lanean: "Lehen urtea beti izaten da zailagoa egokitzeko baina oso gustura aritu naiz, umeekin zein gurasoekin. Esperientzia polita izan da, oso sanoa izan da gure arteko harremana". Hurrengo ekitaldia martitzenean egingo dute, ekainak 24. Azkoaga auzoan San Juan jaiak ospatzen direla aprobetxatuta dantza erakustaldia eskainiko dute meza ostean, 13:00ak aldera. Hurrengoa, berriz, San Martin jaietakoa izango da: "Horrekin amaituko dugu ikasturtea".
Dirua lortu, irakasleari ordaindu eta kuotak ez garestitzeko
Atzoko ekitaldiaren helburu nagusia dirua lortzea izan zen. Honela azaldu du hainbat urtez lanean bolondres aritu den Ainara Inuntziagak: "Diru apur bat gehiago lortu gura dugu. Gurasoei kobratzen zaien kuotarekin eta Udalaren diru-laguntzarekin ez da nahikoa gastuei aurre egiteko eta horregatik antolatu dugu". Gastuen artean Aitor Villareal irakaslearen soldata dago, besteak beste.
Ekonomikoki ez dira garai onenak, baina partaidetza aldetik taldea osasuntsu dago: "70 dantzaritik gora gaude eta datorren ikasturtera begira galdetzen ibili gara eta kopurua mantendu edo igotzeko asmoa dugu; horrela jarrai dezala", espero du Inuntziagak.