ALBISTEAK

Altzeta baserrira doan pista konpontzeko behin betiko lanak, martxan

Hasier Larrea

Bi urte beteko dira Basalde auzoko zati hartan lur mugimenduak eta pitzadurak sortu zirenetik, eta, behin-behineko esku hartzeak egiten ibili eta gero, arazoa konpontzeko obrak egiten dabiltza orain; hilabete inguru iraungo dute

Lur mugimenduak direla eta, pitzadura arriskutsuak sortu ziren Antzuolako Basalde auzoan dagoen Altzeta baserrira daraman pistan duela pare bat urte, eta errepide zati bat erori egin zen handik hilabete batzuetara. Obrak egiten dabiltza orain, 200 metro inguruko zatian, ibilgailuen joan-etorria guztiz segurua izan dadin. Lehenago ere egin izan ditu esku-hartzeak Antzuolako Udalak zati berean, 25.000 euro inguru gastatuta, baina, arazoa korapilatzen joan denez, 160.000 euroko kostua izango duen obra handiago baterako enkargua egin du orain.

Bide berri tinkoa

Lanak Loixeta baserrira joateko bidegurutzetik Altzetarako noranzkoan dauden 200 metro inguruko tartean dabiltza egiten, lurzorua egonkortzeko, alde batetik, eta baserrirako sarbidearen segurtasuna bermatzeko, bestetik. 

Bidearen bi alboetan drainatze-sistemak jarrita beteko dute lehen helburua, gainazaleko zein lur azpiko urak bildu eta ur horiek lur egonkorretara bideratze aldera. Bigarren helburua, hasteko, konpondu beharreko tarte osoan burdinazko piloteak sartuta beteko dute. "Piloteak bi metroko altuera izango duen hormigoizko horma baten bidez egongo dira lotuta. Egitura horrekin, pistaren egonkortasuna eta erabilera segurua bermatuko dira", esan du Hirigintza zinegotzi Aritz Igeltzek. 

Pasabidea, bermatuta

Eroritako pista-zatiaren ondoan bide alternatibo bat egin zuen Udalak, Altzeta baserriko bizilagunek ibilgailuekin joan-etorri segurua izan zezaten. 

Horren harira, "pasabidea une oro" bermatuta izan dutela adierazi du Altzetako Imanol Letek: "Pitzadurak irteten ziren aldiro udaletxera joan gara, eta dezenteko atentzioa eman digute bertan. Konponketak egiten zituzten, eta, behintzat, bide alternatibo bat izan dugu eskura beti".

Aldundira, kontu eske

Udalak egindako azterketa geoteknikoaren arabera, arazoaren jatorria Foru Aldundiak duela hamar urte inguru Bergara eta Beasain arteko AP-636 autobidea egiteko esku-hartzeetan dago, hein handi batean: "Lanek uraren emari naturala desbideratu egin zuten, batetik, eta, bestetik, lur bete-lanetan eraikitako pistak ez zuen egitura, harri-lubeta eta drainatze-sistema egokirik. Ondorioz, errepide zati bat erori egin zen". 

Hori dela eta, Antzuolako Udalak hasieratik eskatu zion Foru Aldundiari arazoaren erantzukizuna har zezan. "Baina, ezezkoa jaso genuenez, erabaki genuen premiazko lanak Udalak bere gain hartzea, familia oso bat eta jarduera ekonomiko aktibo bat babestea zelako lehentasuna", azaldu du Igeltzek. 

Azken hilabeteetan hainbat bilera eta hartu-eman izan dituzte bi erakundeek, bidearen egoera aztertzeko eta irtenbide tekniko, juridiko zein ekonomikoak bilatzeko. Udalak egindako lanen, azterketa geoteknikoaren eta exekuzio proiektuaren berri eman dio Aldundiari, eta foru erakundearen ekarpenak ere jaso ditu, akordioa lortzeko ahaleginean.

Hori horrela, Udalak bere eskaerari eusten dio. "Gipuzkoako Foru Aldundiak bidearen egungo egoeraren erantzukizuna aitortzea eta arazoaren ondorioz Udalak bere gain hartu dituen gastu guztiak ordaintzea", adierazi du Igeltzek. 

Urte bukaerarako, prest

Obrak hilabete inguruko epean bukatzea da aurreikuspena. Bitarte horretan, erabiltzaileek azken hilabeteetan baliatu duten behin-behineko bidea erabiltzen jarraituko dute, langileen jardunarekin koordinatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak