Gela bakoitzean motxila bat daukate, eta, ekimenaren izenak berak dioen moduan, ibiltaria da: ikasle batek liburutegitik liburu bat hartu eta etxera eramaten du, motxilan; bertan, irakurri eta gurasoekin partekatzen du, behin hori eginda, eskolara eraman eta gelan kontatzeko. Ondoren, ikaskide batek itzultzen du liburua liburutegira; beste bat hartu, motxilan sartu eta jartzen da berriz ere zirkuitua martxan.
Ondo funtzionatzen du egitasmoak, neska-mutikoek gustura hartzen dute eta liburutegian haurrei zuzendutako txiki-txokoko mugimendua bizirik mantentzen ere laguntzen du.
Ipuin kontalariaren bisita
Irakurzaletasuna bultzatzeko xede hori bera du Patxiko Txerren ipuin lehiaketak, eta bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte, aldiro-aldiro. Goizean egindako ipuin-kontaketa saioa izan da horietako bat. Maider Alcelay arrasatearrak egin ditu kontalari lanak eta 3 eta 7 urte bitarteko umeak izan ditu entzule. Kontalaritzaren bitartez, talde bidaia egin dute elkarrekin.