HEMEN DEBAGOIENA Handik hona

Carlos Alberto Angeles: "Nik dena eman eta etortzea erabaki nuen; ez nuen itzultzeko indarrik gorde"

Idoia Aranbarri Arzuaga

Hemengo klimara ohitzea kostatu zaio gehien, eta hizkuntzak, euskarak, "harrituta" utzi zuen.

1999an, lehen aldiz etorri zen Antzuolara Carlos Angeles (San Andres Tuxtla, Mexiko, 1974), lanagatik, urtebeterako. Orduan ezagutu zuen egungo emaztea, eta 2004an itzuli zen Euskal Herrira; lehendabizi, Mutrikura, eta 2006an, Antzuolara. Elkarte gastronomikoen kultura gustuko du, eta Danok Bat elkartean izan du solasaldia GOIENArekin.

Realeko kamisetarekin etorri zara elkarrizketara.

Realekoa naiz, emazteagatik. Bartzelonakoa izango balitz, talde haren zalea izango nintzateke. Gaztea nintzenean jokatzen nuen futbolean, eta partidak ere ikusten nituen. Orain, nire alabarenak ikusten ditut, eta nahikoa da.

Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?

San Andres Tuxtla izeneko herri txiki batean jaio nintzen, Veracruzko estatutan. Estatu oso luzea da eta kostaldea dauka, baina San Andres eremu basatiko herria da. 15 urtera arte egon nintzen han. Adin harekin bai ala bai atera behar nuen handik, bestela ezingo nuen-eta ikasten jarraitu. Hortaz, hartu genuen erabakia izan zen nire aitona-amonekin, nire amaren gurasoekin, Celayara bizitzera joatea, Guanajuato estatura.

Erabaki erraza izan zen?

Celayara urtero joaten nintzen oporretan, baina beharrezkoa zen aldaketa. Bidaia luzea izan zen. San Andrestik Celayara autobusez joan nintzen; bi autobusetan. San Andresko autobusa Mexiko Hiriko autobus geltokira iristen zen, eta Celayara joatekoa hirian beste puntan hartu behar nuen. 12-13 orduko bidaia izan zen; osaba batek lagundu zidan bigarren autobusa hartu arte.

Noiz etorri zinen Antzuolara?

1999an, lanera etorri nintzen, eta gaur egun nire emaztea dena ezagutu nuen. Urtebetera, hara itzuli nintzen, baina 2004an, geratzeko etorri nintzen. Lehendabizi, Mutrikura, eta 2006an, Antzuolara.

Zer iruditu zitzaizun Antzuola?

Pila bat gustatzen zait. Badakizu zer den iritsi eta etxe aurrean aparkatzea? Herriko txoko guztietara oinez joatea? Semaforo bakar bat ere ez egotea? Esnatu eta leihotik mendia ikustea?

"Han elkarte
gastronomikoek ez
lukete funtzionatuko
hilabete baino
gehiago"

Herrian ondo hartu zaituzte?

Lehen aldiz etorri nintzenean, jende asko ezagutu nuen, plan guztietara gonbidatzen ninduten eta joan egiten nintzen. Sagardotegia zer zen orduan ikasi nuen. Behin, batekin Urbiara joateko hitzordua egin nuen, elurra egin behar zuelako. Nik beste bati komentatu nion, hark beste bati... Hamabost lagun elkartu ginen, azkenean. Harrituta geratu zen nire laguna. Batzuk Aizkorriraino igo ginen, eta, gu Antzuolara iritsi aurretik, herrian bazekiten mexikarrak Aizkorrin egon zirela.

Nolakoa zen Celayan bizitzea?

300.000 biztanle inguru ditu. Hiri handia da, baina herri handi baten egitura dauka. Kaleak handiak dira, baina ez da Bilbo edo Gasteiz bat. Lasaia zen, baina, denborarekin, egoera aldatu egin da. Kriminalitate antolatu asko dago, eta segurtasunik ezagatik asko galdu du. 2000tik 2004ra bitartean, urtero etortzen zen nire emaztea. Han nabaritzen zen ez zela mexikarra, baina seguru sentitzen zen. Orain, ez. Segurtasuna asko aldatu da eta azken urteetan bakarrik joan naiz hara.

Ohitura ezberdinak dauzkagu?

Uste dut baietz. Hemen, adibidez, poteoa dago; elkarte gastronomikoak. Han ez dago horrelakorik. Elkarte gastronomikoek ez lukete funtzionatuko hilabete baino gehiago, idiosinkrasiagatik. Jendeak ez luke apuntatuko zer kontsumitu duen. Sagardotegien ohiturak harritu ninduen; ez nuen ulertzen zergatik altxatzen ginen une oro sagardo pixka bat hartzera, eta ez pitxar batean ekarri. Denbora galtzea zela uste nuen.

Zailena zer izan zen?

Klima. Orain ez dut begiratzen hurrengo egunean ze eguraldi egingo duen. Negua oso luzea da.

Eta janaria?

Etorri nintzen lehen egunean, enpresako bi arduradunekin joan nintzen bazkaltzera. Zerbitzariari eskatu nion hemengo plater tipikoak ekartzeko. Entsalada bat eta txipiroiak beren tintan atera zizkidan. Ez nekien txipiroiak zer ziren ere. Plater beltz-beltza. Jaten ari nintzena ez ikusteko, begiak itxi eta burua makurtuta sartu nuen lehen zatia ahora. Sorpresa hartu nuen; oso goxoak zeuden. Mexikon, orain, hango janaria jaten dut, baina hiru astera itzuli nahi izaten dut, hemengoa faltan igartzen dudalako.

Hara bizitzera itzuliko zinateke?

Bizitzera ez, baina oporretan bai. Hemen oso gustura eta oso lasai nago. Nik dena eman eta etortzea erabaki nuen; ez nuen itzultzeko indarrik gorde.

Hizkuntzak ikastea, zailtasun

Euskal Herrira iritsi eta "hizkuntzak" harrituta utzi zuela aitortu du Carlos Angelesek: "Kalean nindoan eta herri guztiak hitz egiten zuen nitaz, eta ez nien ulertzen". Aurreratu du, orokorrean, hizkuntzak ikastea zaila dela harentzat, baina euskara askoz gehiago kostatu zaiola. Iritsi bezain laster hasi zen ikasten, baina, ordutegiagatik, utzi egin behar izan zuen. Eskolak berrartu ditu, eta datorren astean hasiko du bigarren ikasturtea: "Etxean emazteak eta bi alabek euskaraz hitz egiten dute. Alabek ez zidaten gaztelaniaz hitzik esan 4 urte bete arte. Orain, berriz, euskaraz hitz egiten badidate, gutxi ulertzen dut". 

Euskaldunak eta mexikarrak

Euskaldunok "zailak" garela dio: "Oskol bat daukazue, eta hori zeharkatzea ez da erraza. Hausten denean, panda hartzak zarete". Mexikarrak nolakoak diren galdetuta, zalantzati erantzun du: "Aspaldi etorri nintzen, eta ez dakit hemengoa edo hangoa naizen. Hemen mexikar deitzen didate; han, el vasco. Irekiak eta sinpleak gara. Guztia ematen dugu. Mexikarrok beste izaera bat daukagu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak