ALBISTEAK

Ion Lizarazu: "Erraldoiei buruzko datuak bidaltzeko eskatu nahi diet herrietako konpartsei"

Hasier Larrea

Internet eta teknologia zerbitzuetara dedikatzen da Ion Lizarazu (Antzuola, 1990) profesioz, eta denbora librean ere gustuko du Wikipediako munduaren eta informazio librearen saltsan aritzea, aisialdiarekin lotutako gaiak lantzeko. Oraingoan, erraldoi.eus plataforma jarri du martxan: Euskal Herriko herrietan dauden erraldoiak ezagutzeko atari digitala.

Nolatan otu zitzaizun ideia?

Zalantza barik, zerikusi handia izan du aitatasunak. Guraso eta ume artean berba eginda, irrika handia sumatu izan dut erraldoiekiko, badago halako moda bat. Abiapuntua 2025eko uztailean Azpeitiko topaketa batean dago; konturatu nintzen erraldoi mordoa ditugula gure inguruko leku askotan, asko ezagunak, baina beste asko ezezagunagoak.

Zein helburu nagusirekin sortu duzu webgunea?

Han eta hemen barreiatuta dagoen informazioa ordenatu nahi izan dut. Ikusi nuen dokumentazio-lan bat eginda emaitza oso politak eman zitzakeela gaiak. Erraldoiak oso grafikoak direlako, batetik, eta kultura-ondarea geografikoki kokatzea ere interesgarria delako, bestetik.

Zein pauso jarraitu duzu horretarako?

Wikipediako ingurunearen baitan egituratu dut informazioa; ondorioz, eduki guztia da librea. Erraldoien izenak eta datuak Wikidatan gordetzen dira; argazkiak, ostera, Wikimediako datu-basean. Udaberri eta uda partean webguneari itxura ematen hasi nintzen, eta ondorengo pausoa domeinua erosi eta argitaratzea izan zen.

Ataria modu erakargarri eta intuitiboan dago antolatuta.

Azpeitian atera nituen argazkiak eta beste hainbat joan naiz igotzen, eta bakoitzaren altuera, pisua, egilea eta sorrera urtea osatzen, gutxika gutxika. Ezagutu ditudan konpartsak dokumentatzen ere banabil, mapa interaktibo batekin, ikusteko erraldoiak nola sakabanatzen diren. Horretan dihardut oraindik; sekulako untxi-zuloa da! [Barre]

293 erraldoi daude, gaur-gaurkoz; izen kurioso samarrekin asko.

Herri batzuetan pertsonen izenak jartzen dituzte, omenaldi gisa. Erraldoiaren garaiaren araberako kontuak izango dira. Tolosan badago Domenjon Gonzalez de Andia, XV. mendeko politika-gizona. Beste herri batean, duela urte gutxi irakasle izandako bi daude. Haiek sustatu zuten ikasleen artean erraldoien sortzea, eta hasieran ez zuten haien izena, baino gero bai. Polita da, adibidez, bakoitzak bere herriarekin izan dezakeen lotura ikustea. Askotan errepikatzen dira Tartalo, Basajaun, Mari eta halako pertsonaia mitologikoak, baina kostaldeko herrietan, adibidez, badaude batelariak, baleak, antxoak... Eta Azkoitian, bi pilotari. Iaz atera nien argazkia, eta aurten berriz atera behar izan diot horietako bati; izan ere, gizona izatetik emakumea izatera pasa da.

Polita da, adibidez, bakoitzak bere herriarekin izan dezakeen lotura ikustea.

Askotan errepikatzen dira Tartalo, Basajaun, Mari eta halako pertsonaia mitologikoak, baina kostaldeko herrietan, adibidez, badaude batelariak, baleak, antxoak... Eta Azkoitian, bi pilotari. Iaz atera nien argazkia, eta aurten berriz atera behar izan diot horietako bati; izan ere, gizona izatetik emakumea izatera pasa da.

Zer da proiektuaren zatirik zailena?

Informazioa eskuratzea. Askotan, ez dago; eta beste batzuetan, oso zaila da topatzea: adibidez, ibili nintzen Oñatiko erraldoiei buruz han eta hemen begira, baina oraindik ez dut asmatu. Gehienetan, sare sozialetan, tokiko hedabideetan eta artisau tailerren webguneetan arakatuta lortzen dut. Artisauek erraldoien konponketen berri ematen dute, baita zein urtetan sortu zen, zein altuera eta pisu duten…

Webguneak ematen du informazioa bidaltzeko aukera, ezta?

Norberak igo dezake Wikipediara, baina, agian, prozesu teknikoegia izan daiteke, horregatik, zuzenean bidali ditzakete datuak Kontaktua atalaren bidez.

Beraz, gustatuko litzaizuke konpartsek ahalegintxo hori egitea?

Asko eskertuko nieke. Hartara, denon artean osatuko dugu erraldoien artxiboa. Iritsi zait jendea badabilela kuxkuxeatzen; proiektua gero eta gehiago ezagutarazten dabilen seinale.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak