Ilusioz betetako denboraldia izan zen aurrekoa Antzuola Kirol Elkarteko futbol jokalarientzat. Txikitik handira joan zen denboraldi batean mailaz igotzea lortu zuten, eta aurten Gorengo erregional mailan jokatuko du taldeak. GOIENArekin izan dira Mikel Jauregi jokalaria eta Unai Murgiondo entrenatzailea, aurreko denboraldiaren errepaso bat egin eta hurrengo erronken inguruan hitz egiteko.
Denboraldi polita
"Aurreko urtean oso oso ondo joan zen. Hasiera batean inor ez zuen espero horren ondo joango zenik. Urteko balorazioa oso positiboa izan zen", adierazi du Murgiondok aurreko denboraldiaren inguruan. Lehen urtea zuen entrenatzaile moduan, eta azaldu duenez, nahiago zuen helburu finkorik ez jartzea. Hala ere, taldeak maila oso ona erakutsi zuen, igoera lortuz.
Etxeko jokalariekin jokatzearen garrantzia nabarmendu du entrenatzaileak: "Herriko jendez inguratu ginen aurreko urtean. 26 ginela uste dut, eta Antzuolakoak ez zirenak bi bakarik ziren. Herriko talde batek herriko jende asko edukitzeak giro ona sortzen du". Bat etorri da Jauregi: "Giro ona dugu taldean, eta etorri diren gazteak oso ondo etorri dira. Beteranoak ere bagaude, eta nahasketa ere badugu; esperientzia gehiago izan arren gazteak diren jokalariak. Lehenago ere talde nortasun handia genuen, eta orain etorri diren gazteekin gehiago". Zaletuen babesa ere nabarmendu du Murgiondok: "Eztalan edo kanpoan jokatu herriak asko babestu gintuen, eta hori indar garrantzitsu bat izan zen guretzat".
Asmoa, maila berdinean jarraitzea
Maila berri bat erronka izan ohi da talde guztientzat, eta Antzuola ez da salbuespena. "Jokalari moduan jokatuta daukat, eta orain arteko liga baino maila hobexeagoa da. Ea nola moldatzen garen. Taldeak indartsuagoak dira, eta gu ere indartsuagoak gara", azaldu du Murgiondok Gorengo erregional mailaren inguruan. Planteamendua ez dute gehiegi aldatuko, eta maila berdinean jarraitzea da asmoa. Hala ere, ez dute helbururik jarri nahi: "Maila berri bat da guztiontzat, niretzat, entrenatzaile moduan, ere bai. Aurkari batzuk ezagutzen ditugu, baina ez dugu helburu finkorik jarriko".
Eztala berritua
Aurreko denboraldiaren zati handi bat Eztalatik kanpo jokatu behar izan zuen Antzuolak, zelaia berritze lanetan zegoen eta. Lanak bukatu dira, eta maila berriaz gain zelai berritua estreinatuko dute Antzuolako kideek. "Aurten oso garrantzitsua iruditzen zaigu herriaren aurrean jokatzea, batez ere, aurreko urtean egindako esfortzuaren ostean. Aurten, horrelako zelai berri baten jokatu ahal izatea oso garrantzitsua iruditzen zaigu; guretzat, jokalarientzat zein herriarentzat", dio Murgiondok. Belarra izango da jokalariek nabarituko duten berrikuntza handietako bat, eta Murgiondoren hitzetan, "jokatzeko askoz hobeto egon beharko litzateke".