HEMEN DEBAGOIENA

Meliton Delgadillo: "Gauzak ondo eginda, ez zait inoiz lanik falta izan; ezta krisi garaian ere"

Goiatz Arana Begiristain 2026ko uztailaren 22a

Duela hamar urte egon zen Kolonbian azkenekoz; oporretan ama ekartzea pentsatzen ari da orain.

Meliton Delgadillok (Ibague, Kolonbia, 1980) 3-4 urte daramatza Antzuolan bizi izaten. Igeltseroa, ogibidez, horretan dihardu bertan ere. Aldamio baten gainean zela lotu du GOIENAk harekin elkarrizketa.

Zein arrazoirengatik utzi zenuen Kolonbia?

Aukera berrien bila irten nintzen, 2006an. Ordurako, nire anaia joana zegoen, eta hark zabaldu zizkidan ateak; niri eta baita beste pertsona batzuei ere. Izan ere, garai hartan, beharrezkoa zen lan-kontratu bat izatea, bisa lortu eta bidaiatu ahal izateko, eta hark lagundu zigun horretan. Kolonbian lana badago, baina moneta aldaketarekin –eurotik kolonbiar pisura– asko aldatzen da kontua. Zaragozara iritsi nintzen, eta handik Debagoienera egin nuen, duela 13-14 urte: Aretxabaletara, lehenengo; Arrasatera, gero; eta handik, Antzuolara.

Zerk eraman zaitu Debagoien barruan mugitzera?

Lanak, kasu horretan ere. Igeltseroa naiz, eta lan aukeren arabera mugitu naiz, lanlekutik ahalik eta gertuen egoteko asmoz beti.

Nolakoa da zure jaioterria?

Ibague hiri bat da. Baditu milioi erdi biztanle, baina ez da oso handia, nahiko txikia da Kolonbiako hirien tamainarekin alderatuta, oro har. Kolonbiako musikaren hiriburua esaten diote. 

Zergatik?

Kolonbian mila musika erritmo baino gehiago daude, eta Ibaguek ere lotura zuzena du horrekin: instrumentu asko daude, musika kontserbatorioa... Bertan bizi izan nintzen 25 urtera arte.

Nolako urteak izan ziren?

Nahiko onak. Izan genituen gure zailtasunak ere, baina haurtzaro polita izan nuen.

Eta, gaur, zure hemengo lanari esker, laguntzen diozu hango familiari, ezta?

Bai; amari, batez ere. Anaiak ere baditut, baina nork bere lana du. Eta ama izan da seme-alabak hazten lagundu didana beti; orain, hemen daude, 28 eta 21 urte dituzte.

Zaila izan da hona egokitzea?

Ez zait askorik kostatu. Lanbide polita daukat, oso demandatua, eta, gauzak ondo eginda, ez zait inoiz lanik falta izan, ezta krisi garaian ere. Jendeak ondo hartu nau.

Eta etxebizitza lortzeko, zer moduz?

Erosteko prozesuan nabil orain, eta ezberdina da. Baina, alokairuan hartzeko, errazagoa zen lehen, ez zegoelako hainbeste immigrazio. Orain, dezente dago, eta kosta egiten da, ez prezioarengatik bakarrik, etxebizitza hutsak aurkitzea ere ez da erraza.

Zer ematen dizu Antzuola moduko herri txiki batek?

Heltzen zoazen heinean, gehiago pentsatzen duzu seme-alabengan, erosotasunean, lasaitasunean... eta, alde horretatik, Antzuola izugarri gustatzen zait. Horrekin batera, ekonomia dago, euskal ekonomia; hemen ondo egoten da.

Eta zer igartzen duzu faltan?

Familia, noski. Zaragozan ere baditut senitartekoak, baina horiek ikustea errazagoa da; Kolonbiara joatea, ordea, gehiago kostatzen da.

Nolakoak gara euskaldunak?

Beti pentsatu izan dut euskaldunak definitzeko modu batean: niretzako, oso itxiak zarete, baina, behin pertsona ezagututa, oso lagunak zarete.

"Beste izateko modu bat dugu; esango nuke jendea, han, dibertigarriagoa dela"

Zertan gara zuengandik ezberdinak?

Kultura biak ondo moldatzen dira elkarrekin, baina ezberdinak gara, gauza askotan. Adibidez, festetan gu askoz gehiago gara dantza egitekoak, beste izateko modu bat dugu; esango nuke jendea, han, dibertigarriagoa dela.

Kolonbia da Erkidegoko migrazio-jatorri nagusietako bat. Sumatzen duzu zure inguruan?

Bai. Hemen, Antzuolan, ez hainbeste; baina Arrasaten, Eibarren, Bilbon, Gasteizen... toki handiagoetan, bai.

Eta baduzu harremanik eurekin?

Ahal dudanekin, bai. Nire lagun onena kolonbiarra da eta Arrasaten bizi da.

Noiz egon zinen Kolonbian, azkenekoz?

Duela hamar urte. Ez naiz hara joatean pentsatzen ari, aurtengo edo hurrengo urteko oporretan ama ekartzean baizik; hartara, harekin egongo naiz eta non bizi naizen ere ikusi ahalko du. 

Hara bizi izatera itzuliko zara?

Izan daiteke. Mugitzekotan, hara itzultzeko izango da; asko gustatzen zait hau.

Trantsizio politiko betean dago Kolonbia...

Bai, baina ez dut uste gauza askorik aldatuko denik. Han eta munduko leku gehienetan zintzotasuna behar da; hori izanez gero, gainontzekoa bakarrik aldatzen da.

Euskara, "polita bezain zaila"

Euskarekin zer moduz galdetuta, "oso gaizki" izan da haren erantzuna: "Oso serio jarri ezean, ezinezkoa ez da, baina oso zaila. Derrigorrez ikasi behar banu, gogor saiatu beharko nuke, baina, hori barik, oso zaila da. Oso oinarrizko hitz batzuk ikasi ditut –agurtzeko erabiltzen direnak, nagusiki–, baina ez gehiago. Lanean autonomo egin naiz, gainera, orain, eta oso denbora gutxi daukat; gaur bertan ere ohi baino lehenago amaitu dut, hitzordu honetara garaiz ailegatzeko".

Gaur-gaurkoz zail ikusten duen arren, ez du baztertzen aurrerago
ikastea: "Gustatuko litzaidake", adierazi du. Izan ere, nahiz eta bere kasuan, gutxienez, bertako hizkuntza ez jakitea ez den arazo iturri izan –dio, jarrera ona izanda, jendeak nagusiki horri begiratzen diola–, badaki bertako jendeak atsegin duela bertako hizkuntza. Horregatik, baita ere, badaki eskertuko luketela ez dakitenek ikastea eta erabiltzea ere. Eta Antzuolako euskara-ikasle taldean beso zabalik hartuko dute, seguru.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak