ALBISTEAK

143 etxebizitza eraikitzea jasotzen du alegazio-epean dagoen Hirigintza Planak

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 8a

Datozen hogei urteetarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako dokumentuaren berri eman du Udalak. Irailaren 30era arte aurkeztu daitezke alegazioak. Hilaturasen plan berezia aurreikusten du, 109 etxe eraikitzeko.

2005a ezkero indarrean zegoen Antzuolako Hirigintza Plana berrikusteko bost urteko prozesu parte-hartzailearen ostean, Udalak, Hirigrama kooperatibaren bitartez, prest dauka hasierako onarpenaren dokumentua. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da iragarkia aste honetan, eta alegazioak aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik. Eskaerak aztertu eta plana egokitu ostean, Aldundiak emango dio behin betiko onarpena. Aritz Igeltz Hirigintza zinegotziaren esanetan, "egungo errealitatearen parametroetara" egokitzeko diseinatu dute Antzuolako garapen urbanistikoa, mugikortasuna eta jasangarritasuna markatuko dituen ibilbide-orria.

Ingurumen babeseko bi eremu

Landaguneko eremuak, urbanizaezinak, osatzen du udalerriaren azaleraren %98. Badaude bi zona babes berezikoak direnak, Gorla eta Arrola inguruan, eta horiek zabaltzea aurreikusten du planak. Gainontzeko landa-eremuan, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretarako erabilerak eta eraikuntza-araudia definituko ditu; zalditegi eta txabolena, adibidez. Baserriak lau etxebizitzatan banatu ahalko dira, gehienez.

Lur birkalifikatuak

Aurreko planean bazeuden herriguneko hainbat eremu urbanizagarriak zirenak, baina plan berriak urbanizaezin gisa kalifikatuko lituzke: Irimo, Ertzille, Zupide eta Matzerrekako eremuak daude horien artean. Irain ingurua, bestalde, aparkaleku eta espazio libre gisa kalifikatu dute; izan ere, Udalak biltegi bat erosi du Obrak eta Mantentze Zerbitzuen kokaleku izan dadin. Matzerrekako baratzeak ere "kontsolidatuko" dituzte, espazio libre gisa kalifikatuta.

Ibarreko zati batek ekipamendu-urbanizagarri gisa sailkatzeko aukera izango du, eta Matzerrekako zati baten erabilera industriala ere berrantolatuko dute. Bi kokaleku horietan udal igerilekuak egokitzeko aukerak aztertuko dituzte.

Industria jarduketak

Industria arloan, Oerlikon eta Goizper enpresekin etorkizuneko eraikuntza-handitzeak adostu dituzte. Oerlikoni eskatutako eraikinaren luzapenerako 1.000 metro karratu baimenduko zaizkio; Goizperren, ostera, esku-hartze txikiak egitea aurreikusi dute, haien azpiegituran integratuta. Modu horretan herriko industria demandak aseta geratzen direla ziurtatu du Udalak.

Etxebizitzak, hiru eremutan

Beharbada, etxebizitzaren gaia da herritarren kezka nagusia, besteak beste, gazteen emantzipazio aukera murritza kontuan hartuta. Udalak hiru eremutan sailkatu du etorkizuneko etxebizitza-politikarako ekintza-plana: alde zaharrean, Lizarragan eta Hilaturasen.

Alde zaharrean, etxabe batzuetan etxebizitzak egiteko eta eraikin batzuk bertikalki handitzeko aukera emango du Udalak; gainera, lau etxebizitza egitea aurreikusten du Aldamarren eta ondoko eremuan.

Lizarraga hiribideari dagokionez, Berezao tailerraren ondoan dagoen eraikin industrial hutsa etxebizitza erabilerarako bihurtzeko asmoa du, hogei etxebizitza libre eta hamar etxebizitza sozial eraikita. Kaleak, era berean, aldaketa sakona izango luke: bederatzi metroko zabaleradun errepide eta espaloia 17 metrokoa izatera pasako litzateke, eta eraikin berrien etxabeak 550 metro karratuko esparru komertzialerako bideratuko lirateke.

Apusturik sendoena Hilaturas eremuan dago aurreikusita, Oerlikon eta saihesbidearen arteko zonan. Bertan babes publikoko 30 etxebizitza, 25 udal etxebizitza tasatu eta merkatu libreko beste 54 egitea da helburua. Plan Orokorrak eraikigarritasuna ezarriko luke, eta plan berezi batekin finkatuko lirateke esku-hartze handi horren zehaztapenak.

Orokorrean, beraz, 143 etxebizitza berri proposatzen dira; horietatik 65, babes ofizialekoak eta Udalak tasatutakoak.

Uzarragara joateko biribilgunea

Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana ere badabil garatzen Udala, eta Plan Orokorrak, ildo horretan, saihesbidetik Uzarragarantz doan irteeran biribilgunea egitea jasotzen du, gaur egun dauden lau erreiak ordezkatuta. Hala, eremua oinezkoentzako "atseginago" bihurtuko litzateke.

EAJ, kritiko

Planaren onarpenaren aurka bozkatu zuen EAJk ekaineko osoko bilkuran. "Gure ekarpenak ez dituzte kontuan hartu, eta, emaitza ikusita, hona etorri gura duten enpresek ez dute erraztasunik aurkituko, Hilaturaseko proiektua ez zaigu konponbide errazena iruditzen, eta Lizarragakoak hiru desjabetze ekarriko ditu", dio Basili Ormazabalek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak