Irimoarrek irabazi dute Lizarragako desafioa

Goiatz Arana Begiristain 2026ko uztailaren 5a

Hirugarrenez egin dute desafioa Lizarraga auzoko sanmartzialetan. Irimokoen kontra aritu dira berriz ere, iaz galdu eta gero errebantxa eskatu zutelako; bada, oraingoan, Irimo gehiago izan da Lizarraga baino.

Parekatuta egon da auzoen arteko lehia: Lizarraga jarri da aurretik lehen bi probak irabazita –arrautzak koilarekin eraman dituzte, eta ura garraiatu dute pitxar bat betetzera arte–; Irimok irabazi ditu ostean jokatutako bi ahulki jokoak; eta bosgarren eta azken proban, zaku proban, Irimok amaitu du lehenago.

Lagun giroan aritu dira, eta giro hori bera izan da nagusi desafioan ikusle egondako herritarren artean ere.

Behin norgehiagoka bukatuta, urdaiazpiko bat zozkatu dute eta erromerian dantzan egin, Astiazaranek eta Andonegik jarritako doinuekin.

Asteburu betea izan dute auzoan, eta pozik hitz egin dute bertan elkartutako haur, gazte eta helduek. Kalebarrengo jaien testigua hartu dute Lizarragakoek, eta Antzuolako jai nagusiak ospatuko dituzte hurrengo, bi aste barru.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak