Udal langileen belaunaldi aldaketa hasia da gauzatzen, bi plaza berrirekin

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 5a

Iosu Isaias Villanueva zarauztarrak eta Mikel Maiz azpeitiarrak atera dituzte herritartasun teknikari eta atezain plazak.

Antzuolako Udaleko barne funtzionamenduan urte mugituak izaten dabiltza, hainbat langileren erretiroak tarteko. Atezain eta herritartasun teknikari plazak atera dituzte ikasturte honetan, eta datozenetan gehiago aterako dituzte.

Dozena pasa langilek betetzen dituzte Antzuolako Udaleko egunerokotasuneko funtzioak: idazkariak, aparejadoreak, diruzainak, harrerako langileak, herritartasun teknikariak, atezainak, lorezain kale-garbitzaileak, hiru eraikin garbitzailek, kultura teknikariak, hirigintzako administrariak, bi brigadako langilek eta aguazilak. Bada, agintaldi honetan lantalde horren ia erdia berritu izan behar dela adierazi du Olatz Lezeta alkateak, batez ere, hainbat erretirok eraginda: "Valen Moñux aparejadorea eta Mikel Larrea diruzaina iaz erretiratu ziren, eta Marijo Garitano harreragilea aurten. Lehenagotik generaman antzeko joera, Lierni Legorburu herritartasun teknikariaren erretiroa eta Ramon Aldasoro atezainaren heriotza tarteko".

Idazkariaren postuarekin ere arazoak izan dituztela gehitu du, hilabete egon behar izan zuten-eta idazkari barik: "Aldundiaren eskumenekoa den plaza horretan lan-poltsarik ez dagoelako. Edonola ere, azkenean, konpondu egin genuen".

Gauzak horrela, behin-behinean estali dituzte aparejadorearen, diruzainaren eta harrera-langilearen postuak, etorkizunean oposizio bidezko plazekin betetzeko aurreikuspenarekin. Bestetik, badaude hainbat langile finko kontratu-erreleboarekin dabiltzanak, erretiro-aurreko urteetako lan-karga arintze aldera. Adibidez, hiru eraikin garbitzailetatik bi eta lorezain kale-garbitzailea kontratu-erreleboarekin daude; hau da, beste langile batzuek betetzen dute haien jardunaren zati bat. Baina etorkizunean lanpostu horien plaza publikoa ere atera beharrean izango da Udala. 

Epe ertainean beste sei plaza publiko ateratzea da Udalaren aurreikuspena

Aldaketak, "kolpean"

"Kostata" bada ere, oraingoz halako bi prozesu publiko eraman dituzte aurrera agintaldi honetan: atezainarena eta herritartasun teknikariarena. 1993an jaiotako Mikel Maizek lortu du atezain plaza; herritartasun teknikariarena, berriz, 1987an jaiotako Iosu Isaias Villanuevak. Antzuolako Udaleko langile taldearen gaztetzea irudikatzen dute bi lankide berri horiek. 

Esperientziak ematen duen segurtasuna gutxietsi barik, Lezetaren esanetan, belaunaldi aldaketak baditu gauza onak: "Jende berri eta gazteak beste txispa bat ekarri duela, eta gauzak aldatzeko aukera handiagoa".

Era berean, ez du ezkutatzen aldaketak "kolpean" etorri direla, "gehiegizkoak" izan direla iritzita. Adibide moduan jarri du diruzain eta aparejadore berriek "hutsetik" hasi behar izan zutela, "ez zegoelako inor aurretik egiten zen lanaren eskualdaketak egiteko".

Alderdi horri dagokionez "urte gogorrak" izan diren arren, egoerari buelta ematen dabiltzan sentsazioa du alkateak. "Orain, gustura gaude daukagun ekipoarekin; beraz, horrekin geratzen gara", azpimarratu du. 

Jubilatu direnentzako ere esker ona adierazteko aprobetxatu du: "Pozik bizi daitezela, eta eskerrik asko urte hauetan guztietan egin duzuen lanagatik".

Aurrerantzean, langile berriek eta etorkizunean etorriko direnek izango dute "herri hobea" eraikitzeko ardura.

"Nor naizen jakiteko etorri dira batzuk"

IOSU ISAIAS VILLANUEVA

HERRITARTASUN TEKNIKARIA

Martxoaren 30a ezkero da Legazpin bizi den zarauztarra Antzuolako herritartasun teknikari.

Ze funtzio barnebiltzen ditu zure lanak?

Batetik, liburuzaina naiz, eta, bestetik, euskara, kirol eta komunikazioko gaien arduraduna.

Ezagutzen zenuen herria?

Bai, badauzkadalako lagun antzuolarrak. Dena den, herri handiagoetara ohituta nagoenez, nahiko herri berezia dela ohartu naiz, oso gertuko giroa duena.

Ba al dago atentzioa eman dizun ezer?

Lanean hasi nintzenean, jende asko etorri zen liburutegira, nor nintzen ikusteko soilik. Bestetik, isiltasunerako ohitura handirik ez dago liburutegi honetan, une oro ibili behar dut jendeari gogorarazten baxu hitz egiteko. Baina herri erosoa da.

 

"Hasieratik gelditu izan naute kalean"

MIKEL MAIZ

ERAIKIN PUBLIKOETAKO ATEZAINA

Azaro bukaeran lortu zuen atezain plaza azpeitiarrak. Hiru hilabeteko praktikaldia pasata, neurria hartu dio lanari.

Zeintzuk dira zure egitekoak?

Lehen ordutik eskola ireki eta patioa garbitzen dut, haurrak etorri aurretik. Frontoia ere garbitzen dut. Bestetik, mantenu-lan txikiak egiten ditut. Eskolan sarraila bat puskatu dela, argi bat ez dabilela, Torresoroan baldosa bat puskatu dela, frontoian edozer apurtu dela... Nire esku dagoena egiten saiatzen naiz, eta, ezin badut, brigadako langileei galdetzen diet, edo kanpora bideratzen dugu. 

Nola hartu zaituzte herrian?

Gustura hartu naute. Herri erraza da, txikia, euskalduna. Segituan hasi zitzaidan jendea kalean kasu egiten. Haur artean ibiltzeak lagundu egiten du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak