Herriko trafikoa arautzen duen ordenantzaren aldaketarekin, erdigunean debeku seinalea martxan jartzeko aukera izango du Udalak jai-egunetan, hala behar izan ezkero. Bestalde, bide publikoan terrazak jartzea arautzen duen ordenantzan ere aldaketa bat onartu da. Horrekin, Herriko tabernek egunean zehar jartzen dituzten mahai kopurua hobeto kontrolatzea da helburua.
Zerga eta tasetan aldaketak
Horiekin batera, diru-laguntzen plan estrategikoan eta ordenantza fiskaletan ere aldaketa txiki batzuk onartu dira udalbatzan. Hilerriko zerbitzua eta eguneratu dute, gaur egungo prezioetara egokitzeko. Trakzio mekanikoko ibilgailuen zergan, lehen ez zeuden zehaztapenak egin dira. Amaitzeko, ikastaroetako eta gimnasioko tasek irailetik aurrera izango duten prezioa ere finkatu da.
EAJ-k, abstentzioa
Oposiziotik, EAJko bozeramailea den Josu Xabier Arangurenek azaldu duenez, ez dute aldaketen inguruko iritzi garbirik. Bere esanetan, osoko bilkurako deialdiarekin batera jaso dute informazioa, eta ez dute erabaki bat hartzeko astirik izan. Horregatik, abstenitu egin dira. Osoko bilkuran, oposizio bezala kontuan hartzea eta Udal gobernuaren erabakien berri, aldez aurretik izatea eskatu EAJk.
Lezeta alkateak argudiatu duenez, dokumentazioan "gorriz" azpimarratuta agertzen dira gai zerrendako aldaketa nagusiak. Hala ere, eskakizuna kontuan hartuko dutela eta bi alderdien arteko komunikazioa hobetzeko neurriak hartuko dituztela aurreratu du.