HEMEN DEBAGOIENA

Kristyna Ovsakova: "Maitasun handiarekin hartu gaituzte; ez gara atzerritar sentitzen"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 18a

Euskaldunen eta txekiarren artean antzekotasun handiak daudela dio Ovsakovak.

Txekoslovakia banandu baino lehen jaio zen Kristyna Ovsakova (Havirov, Txekiar Errepublika, 1983), eta 18 urte zituela Kanariar uharteetara joan zen, ikastera eta lanera, urtebeterako. Urtebete luzatu, eta dagoeneko 25 urte daramatza jaioterritik kanpo. 2018an heldu zen Arrasatera, eta 2021etik bizi da Antzuolan.

Nolakoa da Harirov?

Meatzari-hiria da. Gaur egun, meatze bakarra dago, baina lehen pila zeuden. 80.000 biztanle inguru ditu. Uste dut Txekiako seigarren hiririk handiena dela. Txekiak 10 milioi biztanle ditu. Punta batetik bestera lau ordu eta erdian heltzen zara.

Txekoslovakian jaio zinen; nola bizi iza zenuen banaketa?

Ez zen inolako aldaketarik izan. Txekiak beti eduki izan du bere moneta. Banatu ziren nazionalitateak. Havirov Txekian egon arren, esan daiteke ni eslovakiarra naizela. Txekoslovakian eslovakiar eta txekiar natiboak zeuden, baina herrialde bakarra eta hiriburu bakarra zuen. Nire gurasoak eslovakiarrak dira, baina Txekiako zatian zeuden eslovakiarrek nazionalitatea mantentzeko Eslovakiara joan behar zuten. Txekian geratuz gero, txekiarra hartzen zuten, eta guk orduan hartu genuen txekiar nazionalitatea.

Nolatan heldu zara Antzuolara?

18 urterekin Kanariar uharteetara joan nintzen, lanera eta ikastera, urtebeterako. Ordutik 25 urte pasatu dira. Han nire senarra ezagutu nuen, eta hemen familia zeukan. Pandemia aurretik Arrasatera etorri ginen, seme-alabengatik. Ez zitzaigun herria askorik gustatu. Jendea itxia da. Guri herri txikiagoa gustatzen zaigu. Haurrak aske ibiltzea, arrisku barik. Aukera izan genuen Antzuolan etxebizitza bat alokatzeko, eta hemen gaude, bost urteren ondoren, herriarekin maiteminduta.

Zer gustatzen zaizu Antzuolatik?

Lasaitasuna eta etxekotasuna. Zure semea erortzen bada, medikuarengana eramaten dute, eta deitu egiten dizute. Ez duzu arduratu behar zure semea baloiarekin jolastera atertzen denean, leihoak zabalik utzi ditzakezu. Jendea oso abegikorra da. Maitasun handiarekin hartu gaituzte; ez gara atzerritar sentitzen. Oso jatorrak dira. Antzuolari Suitza txikia esaten diot. Osasun-etxea, haurrendako guztia, lau fabrika... Denetik dauka. Euskaditik atera eta pobrezia ikusten da. Hemen lanik ez baduzu egiten, ez duzulako nahi da.

"Ez naiz txekiarra sentitzen; txekoslovakiarrok ez dakigu nongoak garen"

Kontatzen duzunagatik, badirudi azkar egokitu zarela.

Bai, baina bizitza ez da erraza izan. Egia da Kanarietan faltan igartzen nituela hotza eta elurra, baina ulertu nuen hango klima horrelakoa zela. Hemen gutxiago kostatu zait.

Zailtasunik izan duzu?

Lanean asko. Etorri nintzenean ingelesa eta alemana nekizkien, baina gaztelania ez, eta inork ez zaitu kontratatzen. Beti esan izan didate europarra naizelako gauzak errazagoak direla niretzat. Balantzan jartzen ditut paperik ez izatea eta hizkuntza ez jakitea. Nire ustez, okerragoa da hizkuntza ez jakitea; hori ikusi dut 25 urtean. Paperik ez dutenei lana ematen zaie. Hizkuntzarekin komunikatu egiten zara, eta gauza asko egin daitezke. Hizkuntza ez dakizunean, ez dago ezer.

Ezberdintasun kulturalik badago Txekiaren eta Euskal Herriaren artean?

Ez. Ziur badagoela, baina gure pentsamolde berbera duzue: oso langileak, oso zuzenak eta gauzak egiteko gogo handia duzue. Lehendabizi, familia eta lana daude. Iraganera joanda, frankismoarekin, hemen jatekorik ez zegoen. Guk ere, komunismoarekin, ez geneukan. Asko identifikatzen naiz zuekin. Zuek Franco zeneukaten; guk, Hitler. Beti esaten dut ezberdintasun bakarra tortilla, urdaiazpikoa eta siesta direla. Txekian, gainera, hemengo enpresa asko daude, eta hemengo asko joaten dira hara, eta alderantziz.

Zer igartzen duzu faltan?

Familia; bestela, ezer ez.

Askotan joaten zara hara?

Ez. Aitak beti esaten dit nahi dudanean bera etorriko dela hona. Ahizpak karabanarekin edo hegazkinean etortzen dira. Bestela, oporretan beste leku batzuetan elkartzen gara.

Nongoa sentitzen zara?

Mundukoa. Ez naiz txekiarra sentitzen. Hori beti esan izan dut. Txekoslovakiarrok ez dakigu nongoak garen.

Antzuolan bizi izaten ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Izan daiteke, baina une honetan ez dakit. Herriarekin maiteminduta nago eta baserri baten bila ari gara, baina ez dakit.

Euskara eta txekiarra, parez pare

Euskara txekiarraren "oso antzekoa" dela dio Kristyna Ovsakovak, eta horren adibideak ere eman ditu: "Zuek autoeskola esaten duzue; guk, autoškola. Gure hizkuntza beste leku batetik ekarri dute, eta imajinatzen dut gure hizkuntza ekarri zutenak hemendik ere igaro zirela. Hitz asko ditugu berdinak, baina ezin da hizkuntza ulertu".

Euskara ikasteaz

Bezeroekin euskaraz zenbait hitz, zenbakiak eta txisteak ere ikasi ditu. Ez zaio zaila iruditzen, baina erabaki du ikastera ez joatea: "Erabaki dut ez naizela euskara, bederatzigarren hizkuntza bat, ikasten hasiko. Nahiago izan dut aurrez nekizkien hizkuntzak mantendu. Asko galdu dut, ez nekielako norekin praktikatu. Etorkizun batean kanpoa joaten banaiz, dakizkidan hizkuntza horiek beharko ditut, eta euskara, azken finean, hemen hitz egiten da. Ni ez, baina nire semea derrigortuta dago euskara ikastera. Bost urtean pila ikasi du. Etorkizunean hemen geratzen banaiz, pentsatuko dut hanka sartu dudala euskara ikasi ez izanagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak