HEMEN DEBAGOIENA

Antzuolako Munstroak: dardo-jokalari sutsuak

Hasier Larrea 2026ko otsailaren 20a

Dibertitzea beste asmorik gabe hasi zen Antzuolako lagun talde bat dardoetan jokatzen, tartean Kristyna Ovsakova eta Cristian Arias, harik eta partida batean Galizian jokatu ohi den Phoenix Darts erakundearen txapelketarako sailkatzea lortu zuten arte. Ordutik, buru-belarri ibiltzen dira astero. 

Taberna batzuetan egoten da dardoetan aritzeko diana elektronikoa. Sarri, oharkabean pasatzen zaio bezeroari; inoiz, ikusiko du talde txikiren bat elkarri erronka botatzen. Egiari zor, norbere punteria zorrozteko tartetxoa baino askoz gehiago eskaintzen dute makinok, online-plataformak ere badira eta. Munduaren beste puntako norbaiten aurka jokatzea ahalbidetzen dute, edo liga handiagoetan, banaka, binaka edo talde handiagoetan. Hainbat modalitate daude aukeran, baina lehiaketak cricket eta 501 delakoetan izaten dira. 

Halaxe, dibertitzea beste asmorik gabe hasi zen Mox tabernan duela urtetxo batzuk lagun talde bat, tartean Kristyna Ovsakova eta Cristian Arias, harik eta partida batean Galizian jokatu ohi den Phoenix Darts erakundearen txapelketarako sailkatzea lortu zuten arte. "Hasiberri guztiak bezala, maila baxuenean lehiatzen ginen, baina behin online-partida bat irabazi, eta Espainia zein nazioarteko mailako aurrez aurreko txapelketarako sailkatu ginen", azaldu du Ovsakovak.

Inflexio-puntua izan zen lorpen hura. Galiziako norgehiagoketan bederatzigarren postuan bukatu zuten, eta taldean modu serioagoan hasi ziren hartzen dardoetarako zaletasuna. Ongi Etorri jatetxea kudeatzera pasa ziren, gainera, Ovsakova eta Arias. Bertan pare bat diana elektroniko dauzkate, bata sarreran eta bestea chill-out gunean, eta astean behin elkartzen da zazpi lagunez osatutako taldea, txapelketetan Antzuolako Munstroak izenez aurkezten direnak. Horietako bat da Txomin Larrañaga bergararra; dioenez, Antzuolan "sekulako saltsa" egoten da astelehenero, 20:00etan hasita. Ordu horretan baitago finkatuta ligako neurketen ordutegia. 

Didaktikoa ere bada

Esperientzia pilatu ahala, Antzuolako Munstroak azpiko mailatik erdiko mailara pasa dira tarte laburrean. Ovsakovaren esanetan, gai dira bost jaurtiketetatik lau bull –erdiko puntua– egiteko. Espainia mailako taldeen aurka lehiatzen dira: "Eta kontuan hartzekoa da Espainia, Korea, Ingalaterra eta Ameriketako Estatu Batuak direla herrialde zaleenak". Hala, goi-mailako dardo-jokalari bihurtzeko, teknika zehatza izateaz gain, matematika jakin behar dela azpimarratu du, "biderketak azkar batean egiteko gai izan behar baita". 

Hain zuzen, dardo-jokoaren alderdi didaktikoari ematen dio balioa: "Esaterako, makinek haurrentzako egokitutako marrazkiak eta jolasak dauzkate". Era berean, eta jakinda tabernetan jokatzen den modalitatea dela, argi utzi du "araudi zorrotza duen kiroltzat" hartzen dutela: "Gure artean kiroltasuna da nagusi, eta jokabide desegokiak zigortu egiten dira". 

'IREKIA' ETXEAN ANTOLATZEKO LANEAN

Maiatzaren 8 eta 9ko asteburuan ehunka dardo-jokalariren topaleku izango da Ongi Etorri jatetxea. Antzuolako Munstroak taldeko kideak ireki estiloko hitzordua antolatzen dabiltza. Aurreratu dute punta-puntako dardolariak etorriko direla, eta denera hamaika diana jarriko dituztela jatetxe barruan. "Hilabete ugari pasa dira topaketa hau antolatzen hasi ginenetik. Kantabrian eta Galizian jokatutako torneoetan hainbat lagun ezagutu ditugu, ikusi dugu nola antolatzen diren hango txapelketak, eta guk ere antzeko zerbait egin gura dugu hemen. Dardo-lehiaketetan parte hartzen dutenen plaza izango da Ongi Etorri, baita gazteena eta haurrena ere. Helburuetako bat gaztetxoen artean dardoetan aritzeko zaletasuna bultzatzea ere badenez, ausaz aukeratutako bikoteak osatuko ditugu, elkarren aurka joka dezaten. Horrek ahalbidetuko du hasiberri batek esperientzia daukan dardolari batekin bikotea osatzea, eta txapelketa erakargarri batez gozatzea guztiok", azaldu du Kristyna Ovsakovak.

Halako tamainako ekimena bideragarria izateko, lankidetzan dihardute Udalarekin eta hainbat babeslerekin: "Guztientzako aparkalekua eta jateko eta lotarako tokiak lotuta izango ditugu ordurako, baita 5.000 eurorainoko sariak ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak