Etxebizitzaren auziaren inkesten emaitzen inguruan hausnartu dute Antzuolan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko otsailaren 18a

Antzuolako Eh Bilduk etxebizitzaren inguruan egindako inkesten 59 erantzunak herritarrei aurkeztu eta hauen inguruan hausnartzeko saioa egin zuten atzo. Kezka nagusiak: prezio altuegiak, alokairuen eskaintza falta eta etxea aurkitzeko zailtasunak dira emaitzen arabera. 

Antzuolako EH Bilduk atzo bilera irekia egin zuen etxebizitzaren inguruan zabaldutako inkestaren emaitzak aurkeztu eta ondorioak partekatzeko. Guztira 59 erantzun jaso dituzte, eta Beñardo Kortabarriak –EH Bilduko kidea eta saioaren gidariak– aitortu zuen gehiago espero zituztela, etxebizitzaren auzia herrian eta lurralde osoan, kezka sortzen duen gaia izanik. Dena den, jasotako datuak aintzat hartzeko modukoak direla nabarmendu zuten, eta lanketaren abiapuntua baino ez dela azpimarratu.

Adinari dagokionez, 18 eta 45 urte bitartekoak —inkestan gaztetzat hartutako taldea— izan dira parte-hartzaile nagusiak (%66), eta generoari erreparatuta, emakumeen parte-hartzea nabarmen handiagoa izan da (%62). Hala ere, atzoko bilera irekira ez zen gazte moduan hartzen den adin tarteko herritarrik gerturatu. Kortabarriak onartu zuen agian erabilitako formatua ez dela erakargarriena gazteentzat, eta hori lantzen jarraitu beharko dutela.

Emaitzak interpretatzen

Inkestaren emaitzen arabera, Antzuolan etxebizitzaren arazo nagusiak hiru dira: hutsik dauden etxebizitza kopuru handia, alokairuen prezio altuak eta babes ofizialeko etxebizitza gutxi egotea. Erantzun dutenen %73k prezio altuegiak aipatu dituzte kezka nagusi gisa; %61ek alokairu eskaintzaren falta, eta %50ek etxea aurkitzeko zailtasunak.

Halaber, %68k uste du erakunde publikoek parte hartu beharko luketela alokairuen prezioen kontrolean. Datu deigarrien artean dago erantzun dutenen %59 jabetzan bizi dela; herritarren artean harridura piztu zuen kopuru horrek. Antolatzaileen ustez, litekeena da gazte batzuk familiarekin bizitzea eta etxebizitza beraiena ez izan arren, jabetzan dagoen etxea izanik, hori adieraztea erantzunean. Bestalde, %86k Antzuolan bizi nahi duela adierazi du; %14k, berriz, ez daki. Datu hori pozgarritzat jo zuen Kortabarriak.

Herritarren parte-hartzea

Atzoko saioan herritarrek hainbat galdera plazaratu zituzten, hala nola zenbatean alokatuko luketen pisua jabeek edo zein den herriko alokairuen batez besteko prezioa. Ez zuten prezioen inguruko datu ofizialik eman. Aipatzekoa da inkesta erantzun dutenen %20k, gainera, etxebizitzaren lanketan aktiboki parte hartzeko prestutasuna agertu duela. 

Kortabarriak argi adierazi zuen Antzuolak ez dituela gune tentsionatu izendatzeko baldintzak beteko; hala ere, etxebizitzaren lanketarekin jarraitzeko asmoa dutela berretsi zuten. Hurrengo saioan esperientzia inspiragarriak aztertuko dituztela ere iragarri zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak