Narruolako ondarea kudeatzen dabiltza

Julen Murua Mesonero 2025eko azaroaren 6a

Larruarekin lotutako hainbat material biltegiratu ditu Antzuolako Udalak, Bergarako Artez enpresarekin batera. Oraindik, baina, gelditzen da materiala Narruolako lokalean, eta herritar talde batek erabakiko du material horrekin zer egin.

Orain arte Narruola lokalean egon diren narruarekin lotutako materialen katalogazio eta biltegiratze lanetan dihardu Antzuolako Udalak. 20 urte inguru zeramatzaten garai batean larrugintzarako erabiltzen ziren materialek Narruola lokalean geldirik. Duela urte batzuk egin zuten material horien identifikazio lan bat, eta orain, material horien bigarren identifikazio lanak egin eta gero, Udalak Errekalden duen lokal batera eraman dituzte sailkatutako materialak.

Artez enpresarekin elkarlanean

Larrugintzako material horien lekualdatzea, baina, ezin da edozein modutan egin; izan ere, ondare historikoa dela kontuan hartuta, zaharberritze prozesu bat jarraitu behar izan dute Udaletik materialak biltegiratzeko orduan. Hala, zaharberritze lan horietan diharduen Bergarako Artez enpresa kontratatu du Udalak horretarako, eta honako hauek izan dira egin dituzten lanak, Udaleko langile eta zaharberritzeetan graduatu Miren Zubikaraik dioenez: "Artez enpresakoek ikusi dute aurretik eginda zegoen inbentariotik zer material dagoen, eta, mantentze aldera, materialarekin egin da lan bat garbitzen, bakoitzaren egoera azaltzen duen fitxa tekniko bat egiten eta biltegiratzen".

Larruarekin harreman estua izan du historikoki Antzuolak; izan ere, sektore horretan murgildutako hainbat enpresa egon dira, urteetan, herrian. Horrenbestez, ondarea mantentzeak garrantzi handia duela dio Zubikaraik: "Gure historiarekin zerikusi handia izan du larruak, betidanik. Antzuola oso lotuta egon da larruarekin, eta ondare hau mantentzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, belaunaldi berriek herriko historia ezagutu dezaten". Antzuolako alkate Olatz Lezetak dio biltegiratutako materialak jar ditzaketela "eraikin publikoetan, horri buruzko informazioarekin batera, herritarrek ezagutzeko zer den eta zertarako erabiltzen zen". Hala ere, oraindik "landu gabeko gaia" dela dio.

Jubilatuen eskaerari erantzuten

Narruolan dagoen materialaren kudeaketaren helburua da material horiek modu egokian mantentzea urteetan zehar. Gainera, Narruolako lokaleko beharrezko gauzak lekualdatuta, herrigunean kokatzen den eraikin bati beste erabilera batzuk emateko aukera egongo litzateke, Lezetaren arabera: "Jubilatuekin hainbat lanketa egin ditugu azken urteetan, eta sarritan elkartzen gara. Bada, esan ziguten erabilera gutxi dutela eta ondo egongo litzatekeela herriko beste toki batera eramatea euren egoitza. Ikusita Narruolan sekulako lokala dagoela eta jubilatuen eskaera kontuan hartuta, proiektu honekin hastea erabaki genuen. Gainera, konturatu ginen jubilatuak handik aterata Torresoroak eman diezagukeela aukera eguneko zentroa handitzeko, etxe tutelatu gehiago egiteko... Aztertu egin beharko litzateke zer egin daitekeen han".

Materiala oraindik Narruolan

Artez enpresak Narruolako lokaleko materialak Errekaldeko lokalera eraman baditu ere, oraindik gelditzen da lokalez aldatu ez den materiala Narruolan. Garai batean herritar talde bat ibili zen hango materialarekin zer egin zitekeen pentsatzen. Talde hori berriro ere elkartuko da orain, gaia berrartzeko eta Narruolan gelditu den materialetik zer gorde daitekeen eta zer ez erabakitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak