Pasa den neguan egosten hasitakoak bihar ikusiko du argia. "Egutegiari begira egoteaz" gogaituta, bestelako gaitegi eta jendearekin egun oso bateko ekintzak antolatzea proposatu zieten Andramanuelak taldeko antzuolarrek Morbor eta Miau taldeetako arrasatearrei: "Martxoak 8, Azaroak 25 edota jaietako protokoloak lantzeaz aparte, aliantzak eraikitzeko iniziatibaren bat antolatu gura genuen herrian, bailara mailan elkarlana bultzatuta. Gainera, bagenuen adibide on bat, iazko urriaren 12an Elorregin egindako Queelorregi jaialdia", azaldu du Antzuolako talde feministako Onintza Legorburuk.
Egitarau bete-betea
Hala, Euskuirt egunak euskara eta transfeminismoa elkarri begira jarriko ditu, mahai-inguru eran goizean, eta aisialdi giroan eguerditik aurrera. 12:00etan, Torresoroa aretoan, solasaldia egingo dute Kattalin Minerrek, Alex Arcelusek, Kepa Yecorak eta Lergorburuk berak: "Minerrek marko teorikoa azalduko du, hizkuntza eta sexualitatearen ingurukoa; Arzelusek Altxalili drag ikuskizunaren nondik norakoez jardungo du; Yecorak Iruñeko EGAMen asmatu duten Xoka hizkera izango du hizpide; eta nik Euskuirt moduko espazio transfeministek euskararentzat eta euskara biziberritzeko eskaintzen dituzten aukerak adieraziko ditut", dio.
Ondoren, aliantzak "praktikan, berriketan eta jaigiroan" uztartzeko nahiko asti izango dute, marianitada, bazkari, bingo mariketo, trikipoteo, eta, azkenik, gaztetxeko emanaldiekin: Andrigina, Bibiana Bakana, Labar, eta DJ Titiburu igoko dira oholtzara. Bazkarirako hainbat txokotatik etorriko diren 80 lagunek eman dute izena, eta itxi egin behar izan dute izen-ematea. Gainera, ilunkara aldean jende gehiago etortzea espero dute.
Bisitariek Olalde pilotalekuan izango dute lotarako lekua, eta, bestetik, Antigua auzoan furgonetentzako aparkaleku-gunea bermatuta egongo da, Oerlikon enpresak lagata: "Saiatu gara jendeari etortzeko eta geratzeko erraztasunak ematen", azaldu du Morbor taldeko Garazi Bedatsek, eta Legorburuk honakoa gehitu: "Giro sano eta polita sortuko delakoan gaude, baina zeresana ere eman gura dugu; ikusarazi beste era bateko jendea bizi dela, beste herri batzuetakoa; hau da, Euskal Herrian denok bizi behar dugula, eta Antzuola ere hortik eraiki behar dugula".
Esnatze baten ondorio
Haien esanetan, "denontzako feminismoak" bermatuko du hori, hau da, "transfeminismoak". Termino hori zehatzago azaldu du Bedatsek: "Iritsi da puntu bat non feminismoa bera mainstream bihurtu den, eta horren barruan bestelako korronte batzuk irten dira, adibidez, trans pertsonen aurka egiten duten terf-ak. Horregatik, gu ez gara edozein motatako feminismoetan posizionatzen, transfeminismoan baizik.
Era berean, gaur egungo polarizazioak eta eskuin muturraren gorakadak "behartu" egiten ditu egoera berriak. "Esnatze" moduko bat egon dela aipatu du Bedatsek: "Duela urte gutxira arte, hirietan zentratu dira praktika eta sozializatzeko moduak, jendeak euren herrietatik kanpo modu askean bizitzeko egin beharreko hautuagatik –sexilioa–; kontrara, gaur egun bada beste hautu bat, herrietan geratu eta antolatzekoa. Eta horren harira esnatu dira Euskuirt moduko ekimen eta iniziatiba asko".
Euskararen aurkako oldarraldia ere aipatutako egungo testuinguru beraren parte dela baieztatu du Legorburuk: "Horregatik, herriak era jakin batean eraiki gura ditugu, inklusibitate baten barruan, eta hori euskaratik pasa behar da. Ez dugu beste modu batera ulertzen; aliantzak egin eta indarrak metatzea dagokigu orain".