Antzuolako EH Bilduk etxebizitzaren auziari helduko dio datozen asteotan, "denbora" baitarama gaiaz hausnartzen. Lanketa egiteko, hala ere, herritarren laguntza beharrezkotzat jotzen du; hala, lehendabizi, inkesta batzuk banatuko dituzte atariz atari. "Herritarrei etxebizitzaren inguruan galdetuko zaie: non bizi diren eta norekin, alokatutako etxea edo jabetzakoa den, zer nahiko luketen, etxea partekatzeko borondaterik izango luketen edo ez, eta abar".
Inkesta hori betetzeko azken eguna azaroaren 16a da, eta udaletxean jarriko den kutxa batean utzi behar da; online ere bete daiteke. Horrez gain, informazio-mahaiak jarriko dituzte asteburuan herriko hainbat gunetan.
Inkesten ondoren, saioak
Inkestak jaso eta aztertu ondoren, informazio- eta partaidetza-saioak egingo dituzte; abenduaren 10erako aurreikusi dute lehena. "Euskadiko Etxebizitza Legeak zer dioen azalduko da aditu batekin, zer mugatzen duen eta zein aukera eskaintzen dituen. Herriko Plan Orokorrak zabaltzen dituen aukerak eta dituen mugak ere aipatuko dira". Bigarren saioari dagokionez, abenduaren 16an egingo da, beste toki batzuetako esperientziak ezagutzeko eta EH Bilduren eskualde-mailako lanketaren berri emateko. "Beste saio bat ere egingo da, datarik ez duena, aurreko saioetako ondorioak aztertzeko eta herri mailan ekimenen bat martxan jartzeko aukerarik eta gogorik badagoen erabakitzeko".
Hala, EH Bilduk herritarrak animatu ditu parte hartzera, denen artean hitz egin eta "proposamenak errealitate izateko bidean jartzen ahalegintzeko" asmoz. "Herritarren etorkizunerako estrategikoa da etxebizitza-eskaintza duina izatea". Horretarako, Udalarekin elkarlanean jardungo du.
Plan estrategikoan jatorria
Antzuola eitten 2018-2030 plan estrategikoa adostu zuten duela urte batzuk herritarren artean, eta etxebizitzaren lanketa egiteko hautuak hor du jatorria, landu eta garatu beharreko gaien artean kokatu baitzuten. "Plan hartako hainbat ekimen dagoeneko gauzatu dira, beste batzuk martxan daude, eta badira oraingoz paperean daudenak; adibidez, etxebizitzarena. Planari oraindik urte batzuk gertatzen zaizkio gauzatzen joan dadin, baina ikusita etxebizitzaren egoera nolakoa den herrian, bada gaiari heltzeko ordua".