36ko gerra eta ondorengo urteak Antzuolako eta antzuolarren garairik "ilun eta bortitzenak" izan daitezkeela dio Iñigo Ramirez de Okariz historialariak (Antzuola, 1959), Ideologiak, Gerra zibila eta Errepresioa Antzuolan (1931-1946) liburuaren egileak, baina "hutsune bat" dagoela memorian. Bada, uste horretatik abiatu du gaur Olaran kultur etxean aurkeztutako argitalpena.
Diozunez, "hutsune bat" dago; bete beharra al dago?
Bai, badaudelako motibo batzuk hortik ateratzeko. 90 urte beteko dira 2026an gerra zibila sortu zela; eta, aldi berean, ez dugu ahaztu behar aurten betetzen direla 50 urte Franco diktadorea hil zenetik. Hala ere, badirudi gerraz zein diktadura hartaz gogoratzeko eta hausnartzeko nahiko pasibo gaudela.
Horri buelta emateko asmoa duzu, horrenbestez.
Garrantzitsua da errelatoa kontrolatzea, gogoan izanda badaudela geroz eta nabarmenagoak eta lotsagabeagoak diren indarrak, gerra hura eta osteko diktadura zuritu nahi dutenak. Horrenbestez, gu, antzuolarrok, has gaitezen memoria egiten eta herrian gertatu zena sozializatzen. Diktadura garaiaz sakon hausnartu behar dugu, belaunaldi gazteei jakinarazi behar diegu zer den gertatu zena eta zer den gerta daitekeena, gaurko begiradatik begiratuz gero.
"GARRANTZITSUA DA ERRELATOA KONTROLATZEA, GEROZ ETA NABARMENAGOAK ETA LOTSAGABEAGOAK DIREN INDARRAK BAITAUDE"
Zerk eragin du hutsune hori?
Faktore asko daude; esate baterako, senideen arteko transmisioa ez da nahiko genukeen bezala bermatu, gure arbasoek ez zutelako nahi izaten garai hartaz hitz egiterik; ahaztu egin nahi zituzten jasandakoak. Horrez gain, gure aurreko belaunaldien ondorengook ere urrutiko gaitzat ikusten genituen garai haiek; gaztaroan beste interes eta borroka batzuk genituen, batzuk bizi genituen diktadurarekin lotutakoak. Oro har, nabarmena zen errepresioaren zama, eta gerra zibilaz zegoen errelatoa, horrenbestez, irabazleena zen.
Zein da errelato hori?
Besteak beste, transmititzen zitzaigun gerra zibila eta ondorengoak ezinbestekoak izan zirela Errepublikak ekarritako kaosetik ateratzeko; horrenbestez, ez gara gai izan berandura arte gerra-galtzaileen beldurrak uxatu eta testigantzak jasotzen hasteko. Antzuolan, gainera, berandu iritsi gara garai hartako bizipenak jasotzera, lekuko zuzenak, ia gehienak, ez baitaude gurekin.
Liburuaren lehen atalean gerra aurrea aipatzen duzu; zer diozu?
Errepublika garaitik hasten naiz ideologiak aztertzen. Une hartan karlista-tradizionalisten eta nazionalisten indarrak parekatuak zuren Antzuolan, eta ika-mikak egon ziren bi indar horien artean; gainera, karlisten egoitza eta batzokiarena elkarren ondoan zeuden. Errepublikazaleei dagokienez, zaratatsuak ziren, baina militantzian eta hauteskunde emaitzetan, ahulagoak. Gerra garaian, berriz, 1937an, Francok falangistak eta karlista-tradizionalistak batu egin zituen; eta ordutik, falangistak izan ziren herriko jaun eta jabe.
"BERANDURA ARTE EZ GARA GAI IZAN GERRA-GALTZAILEEN BELDURRAK UXATU ETA TESTIGANTZAK JASOTZEN HASTEKO"
36ko gerraren etorrera duzu aipagai ondoren.
1936ko irailaren 21etik 1946ra arteko herriko testuinguru soziopolitikoa. Batetik, gogoan izan behar da Antzuola ez zela frontean egon, Elgetaren (Intxorta) moduan, eta gerrak aurpegi lasaiagoa erakutsi zuela; eta bestetik, Agustin Telleriaren jaioterria eta bizilekua Antzuolan zela. Lantegi bat zuen, larruontzekoa, eta eginiko elkarrizketatan jaso ahal izan dudanez, Gipuzkoako tradizionalisten eta ondoren gerrako karlisten batzorde nazionalean erreketeen inspektore burua zen, eta berak agindua emana omen zuen Antzuolan suntsiketarik eta sarraskirik ez egiteko.
Hirugarren eta azken atalean, berriz, errepresioaz diharduzu.
Karlista-tradizionalak eta errepublikazaleak eta nazionalistak aintzat hartuta, bando bateko zein besteko antzuolarrek jasan behar izan zituzten bortxakerietatik hasi naiz, eta frontean zauritutako, hildako edota exekutatutakoak ere jaso ditut.
Herritarrekin ere hitz egin duzu.
Urte askoren ondorio da liburua, eta dokumentazioa ere halaxe joan naiz osatzen. Elkarrizketak oinarrizkoak izan dira; gerra zuzenean bizi izandakoekin banituen batzuk eginda, ia denak ez dauden arren dagoeneko, eta zeharkako elkarrizketak ere egin ditut haien senideekin, oroitzapen berrien bila. Herriko hainbat familiatan ere lortu ahal izan dut garaiko dokumentazioa, baita grafikoa ere, eta artxiboetan. Intxorta 1937 kultur elkartearen laguntza ere eskertu nahi dut.
Liburu horrekin, hala ere, gaia ez da agortu, ezta?
2004an egin genuen Antzuolako gerra zibilaz lehendabiziko erakusketa Antzuolan, eta aspalditik lantzeko nuen gai bat izan da. Orain esan dezaket zirkulua itxi dudala ikerketa honekin, baina argi lagata liburua beraz ez dela itxi, zabalik mantenduko baita, informazio berria aterako delako gehiago sakontzeko; beharrezkoa da. Gustura nago egindako lanarekin, eta uste dut geneukan memoria hutsunea, neurri batean, bete egin dela; ea zer dioten herritarrek.