Trekutz eguneko desafioan, antzuolarrak garaile

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ira. 13a, 18:13

Trekutz eguneko desafioan, antzuolarrak zaku-karreran.

Eolikoen aurkako aldarria gogoan izanda ospatu dute gaur, bigarren urtez, Trekutz Eguna. Meaka-Irimo herri plataformak antolatu du, urretxuar talde batekin batera, eta helburu izan dute "maite duguna defendatzen eta ospatzen jarraitzea". Estreinakoz, antzuolarren eta urretxuarren arteko desafioa egin dute, eta antzuolarrak izan dira irabazle.

Iaz antolatu zuen lehen aldiz Trekutz Eguna, Meaka-Irimo herri plataformak, eta aurten urretxuarrak ere batu dira antolakuntza taldera eta eguneko ospakizunera. Hauxe adierazi du Meaka-Irimo Herri plataformako kide den Jon Matak: "Aurreko urtetan herriko jendea bakarrik ibili ginen hemen, eta aurten Irimoko eolikoen harira, Urretxutik ere etorri da taldetxo bat". 

Desafioa, estreinakoz

Hasierako asmoa zen, eguna girotzeko, Antzuolakoen eta Urretxukoen artean herri kirol proba batzuk egitea, baina, azkenean, jolas batzuk egitea interesgarriagoa edo dibertigarriagoa izango litzatekeela pentsatu, eta, esaterako, zaku-karrera egin dute banaka, binaka eta hirunaka, edota globoekin ere jolastu dira.

Hainbat jolas egin dituzte Antzuolako eta Urretxuko zortzina parte-hartzailek, eta jokoen tartetan gainera, bertsoekin girotu dute eguerdia. Irabazleendako sari garrantzitsu bat zuten prestatuta: izan ere, antzuolarrek Trekutz deitzen dioten inguruari, urretxuarrek Meaka deitzen diote, eta irabazlearen saria izan da datorren urtera arte irabazten zuen herrikoek deitzen dioten moduan deituko diotela ingurune horri. Azkenean, antzuolarrak izan dira irabazle, beraz, datorren urtera arte behintzat, Trekutz deituko diote inguru horri.

Eguna, baina, mendi ibilaldi batekin hasi dute: "Igo gara taldetxo bat plazatik goizean goiz Meaka ingurura eta bertan Jon Ugarte ornitologoaren azalpenak entzun ditugu, hemen zentral eolikoa eginez gero, zein txori izango liratekeen kaltetuak jakiteko. Interesgarria izan da, polita", esan du Matak.

Festaz gain, aldarrikapena ere bai

Festarako egunaz gain, aldarrikapenerako eguna ere izan da gaurkoa. Halaxe azaldu du Meaka-Irimo herri plataformako kide Josebe Blancok: "Zorionez edo zoritxarrez, saguzaharrek eta hegaztiek salbatuko dituzte mendi hauek, guk gure ekarpentxoa egin ahalko dugu, baina pertsonok nahi ala nahi ez, gu ez gaituzte asko kontuan izaten, ez ingurumen txostenek, ez bestelakoek".

Herritarrek 2023ko uztailean jakin zuten Irimon bi aerosorgailu jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak eta batzen hasi ziren. Halere, bi urte pasa arren, ez dute proiektuaren egoeraren informaziorik jaso Eusko Jaurlaritzatik, Ingurumen Sailari baitagokio herritarrek eta Udalak jarritako alegazioei erantzutea: "Suposatzen genuen uztailerako izan behar genuela erantzun bat, baina, momentuz, ingurumen txostenari Eusko Jaurlaritzak ez dio erantzun eta epeak agortzear daude", adierazi du Blancok. 

Herri-bazkaria ere egin dute eta 80 lagunetik gertu elkartu dira. Gero, Antzuolako Harrikada musika taldeak girotu du arratsaldea.

Erlazionatuak

Trekutz Eguna iruditan

Amaia Txintxurreta Guridi ira 13, 18:16 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak