Bazkaria, bertsoak eta trikitia Eperra elkartearen urtemuga ospatzeko

Gontzal Belategi Zubia 2025ko ira. 7a, 10:42

Eperra elkartearen urteurren ospakizuneko bazkaria.

Abuztuan bete zuen mende erdia Eperra elkarte gastronomikoak. Atzo, zapatua, egin zuten ospakizun jaia. 85 pertsona inguru elkartu ziren bazkaltzeko, eta bertsolari zein trikitilariek ez zuten hutsik egin.

Umore ona izan zen protagonista Eperra elkarte gastronomikoaren 50. urteurreneko ospakizunean. Goizean elkartu ziren batzordekide zein bestelako herritarrak, trikiti doinuen laguntzarekin kalejiran. Hala ere, elkarte gastronomikoa izanda, bazkaria izan zen ospakizunaren muina. 85 pertsona inguru elkartu ziren elkartearen kanpoaldean, elkarrekin bazkaldu eta urteurrena borobiltzeko. Aurten, gainera, ospakizuna herriarekin, eta bazkide izan ez arren elkartearen bueltan ibili diren pertsonekin, partekatu nahi izan dute. "Duela 25 urte bazkideak bakarrik egin genuen, baina nola denborak aldatu egin diren gu ere aldatu egin gara. Gaur bazkideak, bazkideen familiak zein hauen lagunak elkartu gara" adierazi zuen elkartearen sortzaile izan zen Jose Luis Arregik.

Bazkariaren ostean bertso saioa izan zen Eneko Araiztegi 'Korta' eta Aratz Igartzabal 'Potto' bertsolari goierritarren eskutik. Trikiti doinuak ere izan ziren bazkalostea goxatzeko, mahaia utzi eta dantza egiteko aukera zabalduz. Emanaldian Antzuolan bizi den Unai Narbaiza aritu zen panderoa jotzen. Bazkaria eta ondorengo ekintzak elkarrekin harremantzeko aukera ona izan zirela adierazi zuen Arregik.

Atzera begira

Ospakizunean atzera begira jartzeko aukera ere izan zuten bertaratu ziren pertsonak. Arregik gogoan ditu sorrera urteak: "Duela 50 urte ireki genuen elkartea. Guk egin genituen lan guztiak. Lehenago errementaldegia zen lokala erosi genuen, eta obra, ibilbide luzea izan ez arren, asko zekien Eliseo Garciaren laguntzarekin egin genuen, dozena bat lagun elkartuta". Hala ere, elkarte gastronomikoaren historia elkartea bera baino zaharragoa da, hasiera batean ehiza elkarte bezala hasi zen eta Eperra. "Ehiza elkarte bezala 40 lagun inguru elkartuko ginen. Ondoren beste 20 lagun batu genituen, nahiz eta ez izan ehiztariak".

Denborarekin elkartea bera ere eraldatzen joan da, garai berrietara egokituz. Giltza-lagun figura da aldaketa horietako bat, elkartea batzordekideen ingurukoei ere irekiz: "Lehenago 60 bazkide bakarrik ginen, baina denborarekin giltza batzordekideen bikoteek ere izan zitzaketela erabaki genuen".

Etorkizunerako bidean

Arregik adierazi zuen elkarteak gainbehera baten murgilduta daudela aspaldian, baina, Eperra elkarteak momentuz mantentzea lortu duelakoan dago: "Elkarteak ez doaz gehiagora, baina guk gurea behintzat mantentzea lortu dugu". Jatorrizko bazkide kopurua mantentzen du elkarteak, 60, eta beste 30 gazte izandakoak dira, 65 urteak beteta dituzten kideak, kuotarik ordaintzen ez dutenak. Hala ere, praktikan elkarteari erabilpena ematen diotenak 30 bat pertsona direla azaldu zuen.

Elkarteak mantentzeko gazteak beharrezko izaten dira, eta askotan zail suertatzen den arren, Arregi itxaropentsu dago etorkizunarekin: "Sartu dira gazte batzuk, eta bestelako ekintzak ikusten dira arratsaldetan, txokolatada eta estilokoak". Bide honetan elkarteak beste 50 urte iraungo duela uste du: "Horrela izan dadila".

 

Bazkarian egon ziren bazkideak eta hauen gertukoak. (Argazkia: Eperra elkartea)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak