ALBISTEAK

Antzuolako jaiak hasi dira, eta asteburu osoan luzatuko dira

Sara Lanz 2025ko uzt. 18a, 15:11

Atzo arratsaldean hasi ziren Antzuolako jaiak, eguerdian botatako txupinazoarekin. Iluntzean egin zen inaugurazio-ekitaldi nagusia, eta hontzaren jeitsierak iragarri zuen jaien hasiera.

Antzuolak atzo eman zion hasiera 2025eko jaien egitarauari. Eguerdiko txupinazoak ireki zuen festa ofizialki, eta iluntzean ospatu zen inaugurazio-ekitaldi nagusia Herriko Plazan. Ikurrin dantza, bandera eta ikurrinaren igoera izan ziren une nagusiak, aurten Alboradak txistulari taldearen eskutik, euren jardunaren aitortza jasoz.

Hainbat omenaldi egin ziren: azken urtean jaiotako hamalau haurrek zapi bana jaso zuten, eta bi herritar omendu zituzten: Maritxu Mondragon eta Eloy Sanchez. Gauean, Eingo taldearen musikarekin girotutako kantu afaria egin zen, eta gauerdian Hontzaren jaitsierak iragarri zuen jaien hasiera.

Gaur, goizean goizetik nabaria izan da festa giroa. Jolas parkea zabalik egon da txikien gozamenerako, eta eguna bete-betea dator: herri bazkaria eta kuadrillen ginkana, besteak beste.

Zapatuan, jaietako ekitaldi nagusia

Zapatuan jarraituko du jaietako egitarauak. Goizean, kanoikadarekin esnatuko da herria, eta ondoren Alboradak taldearen dianak hartuko du kalea. Eguerdian, Bergarako bandak kalejira eta kontzertua eskainiko ditu, eta Herriko Plazan jolas erraldoiak izango dira umeentzat. Iluntzean egingo da Antzuolako Alardea, jaietako ekitaldirik esanguratsuenetako bat. Aurtengo berritasun nagusia izango da martxa berri baten estreinaldia: Ion Gurutz Biteri musikari antzuolarrak sortutako pieza. Gaueko saioa Joselu Anaiak taldearen erromeriak irekiko du plazan, eta txosnetan kontzertuak izango dira: The Clayton, The Keller’s eta DJ Maikiño.

Domeka, festa agurtzeko eguna

Domeka izango da jaien azken eguna. Skapaie elektrotxarangarekin hasiko da goiza, eta Landatxopen salda eta txorixo banaketa egingo da. Eguerdian, mariatxi talde batek girotuko du plaza, eta elizpean egingo den herri bazkariaren ostean, kantaldia izango da. Arratsaldean, bigantxak Ondarren, eta iluntzean, larrain dantza eta Esti Makezen kontzertua. Gauerdian, Hontzak emango dio amaiera jaiei, agur-ekitaldiaren bidez.

Autobus zerbitzua 

Astebururako garraio berezia ere antolatu da. Ostiral eta zapatu gauean autobus zerbitzua izango da Elgeta, Bergara, Antzuola eta Zumarraga artean, 00:00etatik 03:00ak arte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak