1986ko uztailaren 17an, herriko jaietako eguenean, hartu zuten Larrea tabernaren gidaritza Mireia Unamunok eta Jokin Rodriguezek –Eusebio Larrea eta Placida Peñak ireki zuten 1951n–, eta joan den domekan, ekainaren 29an, itxi zituzten ateak, ia berrogei urteko ibilbidearen ondoren. "Nik 22 urte nituen eta Mireiak, 21. Hasieran, ni egoten nintzen astean zehar lanean, Mireia ikasten baitzebilen eta asteburuetan etortzen baitzen. Lehen egun hura gogoan dut: oso estresagarria izan zen, ezin iritsi ibili ginen", azaldu du Rodriguezek.
Proiektu "handirik gabe" aritu dira urte hauetan guztietan, "urratsak poliki-poliki" egiten, baina denborak aurrera egin ahala "asko" ikasi dute: "Lehenengo, taberna; eta ondoren, orain dela hamabi urte, jangela erosi genuen, parean egokitu baitzitzaigun aukera". Hori erdiesteko, ordea, lan egin behar izan dute: "Bai nik, bai Mireiak". Azken hilabeteetan, esate baterako, lau lagun zebiltzan aste barruan lanean, eta sei, berriz, asteburuetan.
Askotariko garaiak
Rodriguezen hitzetan, "urte berezia" izan zen 1990a eurendako: ezkondu egin ziren, euren alaba jaio zen, gertuko senitarteko batzuk hil zitzaizkien... "Dena tokatu zitzaigun parean; emozio handiko urtea izan zen". Hala ere, aurrera egin, eta urte hobeak iritsi ziren: "2000tik 2010era artekoak izan ziren indartsuenak. Egia esanda, lan egin genuen, baina ez oraingo eran: gaur egun oso zaila da negozio bat aurrera eramatea, oso agresiboak baitira dauden zergak".
Pertsonalki, ehunka momentu gogoangarri ditu Rodriguezek, baina horietako bat ekarri nahi izan du gogora: "Herriko jai batzuetan, oraindik hau [Larrea] soilik tabernatzat genuenean, oroitzen dut jendez beteta zegoela, lanpetuta nengoela, eta, halako batean, nola burua jaso eta sekulako armairua zen tipo bat ikusi nuela parean! Mieltxo Saralegi zen, harri-jasotzailea, pilotalekuan erakustaldia egitera etorri baitzen".
Tabernaren geroa
Taberna itxita, "etxeko lana" egokitzen dela dio orain Rodriguezek, eta, lokalaren geroari buruz galdeginda, honako hau azpimarratu du: "Proiektuak ondo funtzionatzeko eta jendea erakartzeko egin dugu lan; horrenbestez, ea norbait etortzen den gogoz, orain arte egin dugun eran jarrai dezan".
Esker mezuak, bi aldeetatik
Tabernako lana "gustuko" izan du Rodriguezek, eta ez du "sakrifiziotzat" hartu: "Tira, izan ditugu buruko minak eta gerriko minak, baina, orokorrean, gustura joan naiz lanera. Oro har, jende ona egokitu zaigu parean, gure tabernara etortzen zirenak, eta denak ere giro onean". Hala, eskerrak eman dizkie herritarrei: "Bai antzuolarrei, bai bergararrei, Bergaratik ere jende asko etorri baitzaigu urte hauetan guztietan".
Tabernaria, ordea, ez da esker mezuak dakartzan bakarra, hala egin baitzuten dozenaka herritarrek joan den domekan ere, itxieraren egunean. "Ikusten nuen terrazan gero eta jende gehiago zegoela pilatzen, eta, halako batean, ilobak etorri zitzaizkidan esanez kanpora joan behar nuela. Lanpetuta nenbilen, eta ez nuen horretarako aukerarik ikusten, baina, azkenean, atera egin ninduten: sekulako sorpresa hartu nuen! Txapela eta zapia eman zizkidaten, eta jende pila hura han ikustean pentsatu nuen: zerbait, behintzat, ondo egin dugun seinale. Buelta erdi eman nuenean, berriz, Kalebarren osoa jendez beteta ikusi nuen: hunkitu egiten naiz oraindik".