Mugikortasun diagnostikoa aurkeztu du Antzuolako Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko eka. 11a, 15:21

Herriko hainbat sektorerekin batzarrak egin ditu azken hilabeteetan Antzuolako Udalak herriko mugikortasunaren bueltan, eta egindako diagnostikoaren emaitzak aurkeztu dituzte herritarren aurrean Udalak eta Igartek enpresak. 

Bailara mailan ari dira gaia lantzen herrietako ordezkari politikoak D2030ekin lankidetzan. Eskualdeko kontsumo energetikoaren %33a mugikortasuna da, eta atzo aurkeztutako datuena arabera, Antzuolan, 2021ean, kontsumo energetikoaren %44a zen garraioarena.

"Diagnostikoak, sektore bakoitzak egunerokotasunean daukan errealitatean, sortu eta eragiten duen mugikortasun emaitzak jasotzen ditu, eta orain, sektore guztiekin partekatzea tokatzen zaigu, zeintzuk izango diren irtenbide potentzialak erabiliz", dio Antzuolako Udaleko hirigintza zinegotzi Aritz Igeltzek.

Ekintza planaren irtenbideak

Emaitzen aurkezpenean, datu teknikoak, herriko neurriak eta ekintza planaren irtenbide potentzialak eman zituzten. D2030ekin elkarlanean egindako Igartek enpresaren ikerketaren emaitzek eskualde mailako ondorioak atera zituzten, bost ardatzetan banatuta: oinezkoak –oinezkoen joan etorriak sustatzeko–, bizikletaren erabilera sustatzea, garraio publikoaren eskaintza hobetu eta erabilera sustatzea, ibilgailu pribatua eta intermodalitatea, eta eskualde mailako transbertsalitatea.

Antzuolako hirigintza zinegotziak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan egon direla garraio publikoaren mantenua hobetu eta herri bakoitzak ikusten dituen hobekuntzak heralazteko.

Antzuolan autoarekiko menpekotasun handia dagoela ondorioztatu dute, eta hori gutxitzeko Udalak azaldu zuen hainabt neurri hartu dituela egunerokotasunean herri jasangarriagoa, irisgarriagoa eta bizi-kalitate hobeagoa lortzeko. Horregatik, herriko hainbat puntutara irisgarritasuna bermatu dute, Kalebarren peatonalizatu, matrikula irakurgailuak jarri edota, trenbidearen mantenua egin, lotura zirkularra lortuz.

Antzuola-Bergara bidegorria

Aurreratu dutenez, Antzuola eta Bergara lotzeko bidegorri zatiaren lanak esleituta daude, eta hiru aste barru lanekin hastea aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak