Goizeko ekitaldian Antzuolako alkate Olatz Lezetak, Matia Fundazioko ordezkari Andrea Pozok eta Antzuola Lagunkoia taldeko kide Pilar Etxanizek hartu dute hitza. Ostean, Amaia Ramirez de Okariz eta Beñat Kortabarriak Antzuola Lagunkoiaren inguruan egindako bideoa bota dute, eta omenaldia jaso dute urte hauetan lanean jardun duten herritarrek. Saioa amaitzeko, Virginia Imazek klown ikuskizuna eskaini du. Eguna borobiltzeko bazkaria egin dute 40 bat lagunek Landatxope jubilatuen elkartean.
Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Lagunkoia ekimenaren parte da Antzuola Lagunkoia, Matia Fundazioak jarri zuen arren martxan, 2014an egin zituen lehen pausoak. Matia Fundazioko ordezkari Andrea Pozok nabarmendu du gaurko ekitaldian, Antzuolako taldea dela programan sartutako lehen taldeetako bat. "Proiektura atxikitu zen lehen herrietako bat izan zen Antzuola. Beti izan da erreferente eta egon da prest beste herri batzuetara joan eta haien esperientzia partekatzeko. Uste dut guretzat, sarearen barruan, oso erreferenteak direla, gainera, jakinda, herri txiki bat dela".
10 urte herriko beharrak identifikatzen
Antzuola Lagunkoiako kide Pilar Etxanizen 10 urteen balorazio positiboa egin du. Azaldu du taldearendako autoestimua eta elkar-ezagutzea suposatu dutela urte hauek. Adierazi du hiru urtean behin egiten duten herriko beharrak identifikatzen jarraituko dutela. Gainera, duten plangintza martxan dute, eta herriko gazteekin lanketa egingo dute herri garbi baten alde: "Gainera, Udalarekin batera prebisioak egiten hasiko gara hemendik 10 urtera edo dauden gizarte-zerbitzuak izango ote diren eta garai hori iritsi baino lehen prestatzeko, gure herriaren erantzuna".
Puri Arregi Antzuolako Udaleko ongizate zinegotziak adierazi du oso garrantzitsua dela halako talde bat herrian izatea, eta eskerrak eman dizkie azken 10 urteetan egin dituzten ekarpenengatik eta lanagatik: "Hainbat gauzetaz arduratu dira; besteak beste, herria zaintzen, elkar zaintzen, aritu dira. Bakardadeari buruzko lanketa egin dute. Herrian zehar irisgarritasuna aztertu dute. Txalotzekoa da haien lana eta horrela jarraitu dezatela".
Hala, Etxanizek nabarmendu du taldera batzea nahi duten herritarrek Antzuola Lagunkoiako kideekin edo Landatxope jubilatu elkartearekin jarri behar duela harremanetan.