Debagoieneko Helduen Dantzari Eguna ospatu dute Antzuolan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko api. 7a, 15:04

Urtean behin egiten den ekitaldia da, eta, aurten, Antzuolari egokitu zaio bailarako dantzariei ongietorria egitea; 250 dantzari eta musikari inguru elkartu dira.

Debagoieneko Helduen Dantzari Eguna ospatu zuten zapatuan, hilaren 5ean, Antzuolan, eta bailarako sei taldetakoak izan ziren dantzan: Eskoriatzatik, Gorosarri; Arrasatetik, Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz; Aretxabaletatik, Leizarra; Oñatitik, Oñatz; eta Antzuolatik, Oinarin. Egun osoko egitaraua antolatu ohi dute azken urteoetan, eta goizean euskal dantzek izaten dute protagonismoa. Bada, hala izan da aurten ere, eta balorazio ona egin dute antolatzaileek, Jon Matak adierazi duenez: "Egia esanda, antolatutako moduan joan da. Eguraldia ezin antolatu, eta hori ere alde. Kalejira egin dugu, baita dantzak ere, eta nik uste dut jendea pozik gelditu dela. Iaz baino zertxobait laburtxoagoa izan da, apropos".

Herriz herri joaten da txandakatzen egunaren antolaketa, baina elkarrekin erabakitzen dute zeintzuk izango diren egin beharreko dantzak, talde bakoitzak dantza berezi bana egiten duen arren. Eguneko antolaketa, ordea, herritarren esku gelditzen da. “Herriko dantza taldekook antolatzen dugu. Hasten gara taldetxo bat bilerekin eta abar, udaletxearekin komunikazioa, azpiegitura antolatzeko, eta egunean bertan ardurak banatzen ditugu, eta gozatu".

Elkar ezagutzeko aukera

Antolatzaileen hitzetan, horrelako egunek kultur-ondarea zaintzeko balio dute, euskal dantzen jarraipena bermatzeko, baina baita Debagoieneko dantza taldeak elkartu eta elkarren berri izateko ere. Hori diote dantzariek ere. "Aukera ematen du beste dantza batzuk ezagutzeko, jendea ezagutzeko, eta denok elkarrekin ibiltzeko", adierazi du Nagore Galeanok, Oinarin dantza taldeko dantzariak. Eta hala diote Nahia Beitiak eta Irati Unamunok ere, Txikitxu Arrostaitz taldeko partaideek: "Debagoienekoak elkartu eta bata bestea ezagutzeko bide da, eta apur bat bizitza emateko herriari. Eta baita dantza berriak ikusteko ere".

Horrez gain, eguna bada dantzariek beste plaza bat izateko bide ere, Idoia Lahidalgak, Gorosarri taldeko kideak, azpimarratu duenez: "Askorendako ez da aukera larregirik egoten plaza batera atera edo beste herri batzuetara joateko, eta dantzari egunak ematen du horretarako aukera".

Erlazionatuak

Euskal dantzen topaleku bilakatu da Antzuola

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria api 05 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak