Athletic 125 Antzuola lagunartearen inaugurazio ekitaldia egin zuten atzo, hilak 26, Danok Bat elkartean. Antzuolarrak ez ezik, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat lagunarte egon dira: Bergarakoa, Oñatikoa, Segurakoa, Deustukoa eta Otxandiokoa, besteak beste. Lehen taldeko hiru jokalari ere izan dira: Leire Baños, Claudia Fernandez eta Maroan Sannadi. Athleticen jokatzen duten Beñat Larrea antzuolarrak ere ez du hutsik egin. Horrez gain, betidanik Athletici lotuta egon den Manolo Delgado Meco prestatzaile fisikoa ere izan da. Eta ekitaldiaren gidaritza, berriz, Ibon Gezalagak, Antzuolako lagunarteko presidenteak eraman du: "Oso pozik gaude; espero genuen jendea etortzea, baina ez horrenbeste. Harrera oso polita izan dugu jendearen aldetik: Gipuzkoako lagunarteak etorri dira, bizkaitarrak ere bai, eta orain honi jarraipen bat eman beharko diogu: kanpora bidaiaren batzuk, ekitaldi batzuk Antzuolan...".
Athleticeko jokalari antzuolarrari, Larreari, herrian dagoen zaletasunaren erakusleiho izan den ekitaldiak, ilusio handia egin dio: "Poza eragiten ditu: hasteko eta behin, nire kuadrillako jendea etorri da, eta txiki-txikia nintzenetik ezagutu dudan jendea; asko ez naiz etortzen Antzuolara, baina etortzen naizenean, ahal dudan denetan, asko ikusten ditut, herri txikia baita, sekulakoa. Denok ezagutzen gara, eta nik uste dut hori dela politena. Gainera, Athleticeko asko daude, eta uste dut ordua zela horrelako mugimendu bat sortzeko eta horrelako lagunarte zoragarri bat egiteko. Lehen harro baldin bageunden Antzuolakoak eta Athleticekoak izatearekin, orain gehiago egongo gara".
Eskertze hitzak ekitaldian
Anjel Mari Peñagarikanok eskainitako bertso batekin eman diote hasiera ekitaldiari. Gezalagak jokalariei hainbat hitz eskaini ostean, Delgadok hartu du hitza, eta berarentzat ezinbestekoak diren hiru hitz azpimarratu nahi izan ditu: "Burua, bihotza eta kemena". Ostean etorri da esker onak emateko momentua: lagunarteak hainbat opari eman ostean, beste hainbeste jaso ditu. Tartean, Bergarako Athleticeko lagunarteak eramandako plaka: "Pozgarria da, Athletic ilusioa delako, sentimendu bat, eta Antzuola bezalako herri baten lagunarte berri bat egotea batasun bat da. Gainera, ia denok ezagutzen dugu elkar; horrenbestez, argi dago behar den guztietan elkarri lagunduko diogula".
Javier Uchak, Athleticeko ordezkariak, horrelako ekitaldiak asko gustatzen zaizkiela adierazi du. Baina, kasu honetan, pozgarriena taldearekiko zaletasunak Gipuzkoan duen indarra dela nabarmendu du: "Azkenean, eurak dira Athleticen enbaxadoreak, herri bakoitzean eta bidaiatzen dutenean Athleticekin, gehiago. Eurek egiten dutena Athleticen irudia da munduan zehar, eta gaur egun Europan ari garela, are gehiago. Klubaren parte garrantzitsua dira. Orain, beste lagunarteko baten inaugurazio ofiziala egin dugu".
Gainera, Debagoieneko Athleticen jarraitzaileentzat berri on bat iragarri dute: ekainaren 7an, Arrasaten, Gizpuzkoa Zurigorriaren bosgarren urteurrena egingo da. Ekitaldiaren amaieran, jokalariek sinadurak banatu dituzte, eta gerturatutakoek eurekin argazkia ateratzeko aukera izan dute.