Hil diren haurrak oroituko dituzte domekan, "bizipozetik"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko abe. 12a, 15:43

Hil Argi elkartearen ekimenez, Bizipoza elkartearen laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute domeka goizean, umeak galdu dituzten familiei eta ingurukoei zabalduta, "elkarrekin une on eta goxoa pasatzeko" asmoz; jai giroan ospatuko dute eguna.

Hil diren haurrak "bizipozetik" oroitzeko asmoz, Gehiago Gara jaia egingo dute domekan, abenduaren 15ean, Zurrategi plazan –eguraldi txarra eginez gero, eskolako patioan izango da–, 11:00etan. "Gehiago Gara jaian elkartuko garen denok, hainbat arrazoirengatik izanda ere, gure seme-alabak, ilobak, ikasleak, lagunak... galdu izanak lotzen gaitu. Guztiok sentitzen dugu mina gure azalean, eta hortik ikasitakoak elkar ulertzera eta babesgunea sortzera eraman gaitu", adierazi dute Hil Argi elkarteko kideek, jaiaren sustatzaileek, Bizipoza elkartearekin batera. Azpimarratu dutenez, "minak zeharkatuz", hil diren haur horiek "bizipozetik oroitzeko" unea izango da, Gure irribarre bakoitza zuen omenez da lelopean: "Gure irribarrea eskaintzera baikatoz".

Eneko Iturbe, Erkuden Iglesias eta Kristina Pavo herritarrak dira, hain zuzen ere, jaiaren antolaketan dabiltzan antzuolarretako hiru, eta nabarmendu dute umeak hil zaizkien familien arteko jai bat egitea dela asmoa, "emozio guztiei tokia eginez: gure artean elkartu, babesa eman eta modu alaian momentu polit bat pasatzea". Horretarako, besteak beste, marraztu, dantzatu eta kantatu egingo dute, eta aurreratu dute "sorpresatxoren bat edo beste" ere izango dela.

Ekitaldia "inguruan haurrak galdu dituen jendeari zuzenduta" dago, "une polit bat pasatu dezakeela ikusten duenari".

Gehiago Gara ekimena

Gehiago Gara ekimenaren helburua "egungo gizartean haurren heriotzaren gaiaren aurrean hitz egiteko zailtasuna eta ezina eraldatzea" da, hezkuntzan, osasungintzan eta hainbat erakundetan esku hartuz, Hil Argi elkarteko kideen hitzetan: "Haurrak hiltzen zaizkigunean sortzen den min handiari gehitzen zaio sarritan gizartean izaten den isiltasunak eta naturaltasunez jarduteko ahalmenik ezak eragiten duen mina. Soberan dagoen min hori gainditu nahi dugu Gehiago Gara ekimenaren bidez, eragile bakoitzak bere alorrean haurren heriotza, eta heriotza haurrekin, naturaltasunez eta humanitatez bizi izateko jarrerak bultzatuz".

Horrez gainera, ordea, bada aldarri gehiago, Iturberen esanetan: "Haurrak galdu ditugun familiok bizitzen jarraitzen dugula erakustea, hori baino gehiago garela eta oraindik bizi gaitezkeela".

Zer dakar jai honek zuentzako?

Eneko Iturbe Beristain: "eEz dakit gure antzeko bizipenak dituztenekin izango den, baina galera garrantzitsu bat izan duen jendearekin enpatia sentitzeko momentu bat, behintzat, izan daiteke jaia; babesa sentitzeko gune bat. Hain zuzen ere, horrek ematen digu indarra: babes hori izatearen sentsazioak"

Kristina Pavo Nuñez: "Horrelako ekitaldi bat Antzuolan egitea pozgarria da gure familiendako. Igarota gaude iluntasunetik, baina jaiak bizipozerako deialdia du: nahiz eta gaizki pasatu eta mina sentitu, dolu prozesua zeharkatu, erakutsi nahi dugu denborarekin eta landuta ondo eta zoriontsu bizi daitekeela"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak