Herri Eskolako lau urteko haurrekin batera ibili dira Hil Arte Bizi ekimeneko kideak etorkizunean irudikatzen duten hilerriaren inguruan hausnartzen, eta Erkiagaren hitzetan, “ikaragarria” izan da bai eurek egindako lana, baita herritar guztiek izan duten inplikazio maila ere. Herri Eskolan heriotzaren gaia “oso presente” dutela aitortu zuen Josune Jimenez Herri Eskolako irakasleak, eta horrek erraztu egin zuen, haren hitzetan, ikasleen parte-hartzea.
Udalak ere parte hartu du egitasmoan, eta ekimenak herriari egiten dion ekarpena nabarmendu du Olatz Lezeta alkateak. Gainera, aurrerantzean urratsak ematen jarraitu behar dutela ere adierazi du. "Aztertu egin beharko da. Interesgarria iruditu zaigu baina ez diogu buelta gehiegi eman. Orain ikusi beharko da epe motzean zer egin daitekeen eta epe luzerako zer utzi dezakegun. Ea denontzat bezalako hilerri bat egiten dugun".