Ikasturte hasierarekin batera, ja ohikoak bilakatu diren ohiturei hutsik egin gabe, Elkartasun Jaia egingo du Anelkar Elkartasun Taldeak egubakoitzean, hilaren 6an, Zurrategi plazan. Herritarrek eginiko tortilla-pintxoak izango dituzte salgai 19:30etik aurrera –tortillak 19:00etan eramateko deia egin dute–, eta edanarekin batera salduko dituzte, batzen duten dirua Kongoko eta Senegalgo proiektu banatara bideratzeko. Bitarte horretan, gainera, Bergarako Aliritzi musika taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da, Antzuolako Udalak antolatuta.
Elkarteko partaideetako bat da Josune Iturbe, eta diruz lagunduko dituzten bi proiektuen berri eman du: "Gaur egun, gehienbat, hezkuntzaren arloan egiten da lan. Kongon, esate baterako, irakasleei ordaintzeko erabiltzen da jasotako dirua, eta pixka bat bertakoen hizkuntza bultzatzen laguntzeko; Senegalen, berriz, une honetan, batik bat, emakumeek ikasteko aukera izan dezaten barnetegiak-eta ari dira egiten". Horrez gain, erantsi du ekarpen ekonomikoa ez ezik pertsonala ere egiten dutela, elkarteko bi kide joan ohi direlako urtero bi herrialde horietara: "Kongon izaten da Bittor Arbulu, eta Senegalera joaten da lagun erizain batzuekin Kristina Bakaikoa; ja esperientzia dute, eta hangoekin jarduten dute lankidetzan".
Beste proiektu batzuk
Kongoko eta Senegalgo proiektuak finkoak dira, eta, une honetan, ez dute besterik; halere, momentuko beharrei erantzuten diete: "Sahararako janari edo diru bilketa egin izan da, eta beste zenbait ekintza puntual; adibidez, Lesboserako diru, janari edo arropa bilketa".
Zeregin horiek egiteko, ordea, jende beharra dutela azaldu du Iturbek: "Gaur egun, hasieran hasitako jendea dago oraindik taldean, duela 25 urte –orduan sortu zen elkartea–, baina beste batzuk ja erretiratu dira; beraz, jende edo aire berriaren beharrean gaude, egia esanda". Haren hitzetan, gazte batzuk sartu ziren duela urte batzuk, baina oraindik beste bultzadatxo baten beharra dago: "Jende berria sartuz gero, ilusioa ere handiagoa da, eta ekarpenak eta ideiak beste batzuk izaten dira; ea animatzen den gazte jendea".
Bien bitartean, baina, aurrera jarraituko dute, eta gaurkoa izango da ikasturteko lehen ekintza; horrenbestez, herritarrei bi mezu helarazi dizkiete: "Tortillak egitera animatzekoa eta elkartera batzekoa".