Arratsaldean dantzez eta omenaldiz bete zen herriko plaza: Antonia Fernandez Saco eta Felix Larrea Kortabarria, herriko pertsona nagusienak, omendu zituzten zapi bat oparituaz eta horixe bera zapia jantzi zieten baita ere aurreko jaietatik hona jaio diren haurrek. Oinarin dantza taldeko gaztetxoenek Ikurrin Dantza egin zuten gero eta dantza taldeko beteranoak arduratu ziren udaletxeko ikurrina jasotzeaz. Eta noa ez, udalbatzako hainbat kidek ere egin zuten soka dantza jendaurrean.
Gauean aldiz, adin guztietako jendea batu zuen Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearekin plazan bertan egin zuten kantu afariak. Eta behin eztarriak berotuta, hontza jaitsi elizako kanpandorretik.
Hori guztia, baina, hasiera besterik ez zen izan, gaur askotariko puzgarriz betetako ur-parke bihurtu delako plaza. Eta gaztetxoek eskertu dute ondo pasatu bitartean freskatzeko aukera.
Ekitaldi asko datozen egunetan
Domekara bitartean asko dute eskaintzeko oraindik ere Antzuolako jaiek. Gaur gauean, esaterako Buru Gabe, Neallta Fola eta Argitu taldeek kontzertuak emango dituzte txosnagunean, eta bihar 19:00etan hasiko da Antzuolako alarde entzutetsua. Joselu anaiek animatuko dute bihar gauean plaza ingurua eta txosnetan, aldiz, Harrikada, Dirty Old Gasteiz eta DJ Kepix arituko dira.
Domekan esango diete agur antzuolarrek herriko jaiei gaueko hamaiketan izango den Hontzaren igoerarekin, eta horren aurretik, Garik girotuko ditu plaza bazterrak, 21:00etan hasita.