2024ko batzar nagusia egin du aste honetan Landatxope jubilatu eta pentsiodunen elkarteak. Iazko balantzearen berri eman dute lehendabizi, eta Joxe Angel Arbulu elkarteko lehendakariak azpimarratu du goraka doala haiek eginiko lana, era berean hobetzen ari delako funtzionamendua ere; egun, 278 bazkide ditu. Hala ere, 2024an dute jarrita arreta, aldaketa nabarmen bat egin dutela nabarmenduta: "Egin dugun gauza inportante bat izan da, eta, gainera, gustura jaso duena jendeak, kina famatu hori beste egun bat gehiago jarri dugula astean; horrela, elkartearen aretoa betetzen hasi da".
Zuzendaritza batzordeak hainbat ekintza ditu zehaztuta 2024rako, eta horien artean garrantzitsuenak bi dira: Antzuola lagunkoiaren hamargarren urteurrena eta Antzuola garbi baten aldeko kontzientziazio lana herriko sektore ezberdinekin. Jendearen beharra dago horretarako, ordea, baina zuzendaritzakoek nahi baino jubilatu gutxiago gerturatzen da elkartera: "Antzuolan ikusten ditut taberna batzuk jubilatuz beteta, eta hona ez dira etortzen jubilatu horiek. Pentsatzen dut zergatia, pentsatzen dut zer den: taberna horiek kalean daudela, kalean zerbait gehiago ikusten dute horko jubilatu horiek; hau, berriz, zulo batean dago".
Elkartearen azpiegiturari dagokionez, "ondo" dagoela dio Arbuluk, eta ez dutela "batere kexarik", baina arduratuta daude kokapenarekin, jendearen parte-hartzean eragina duelakoan, baxuagoa delako. Hala, tokiz aldatu beharraz aritu da: "Lehenengo planteamendua tokiz aldatzea da, eta pixka bat kalean ipintzea".
Zuzendaritza batzordetik, beraz, dei egin diete jubilatuei elkartera gerturatzera, egunero zabalik dagoela nabarmenduta eta elkarrekin arratsalde hobeak pasatu ditzaketela adierazita. Jubilatu gehiagoren ideiak eta animoak beharrezkoak dituzte.