Itxura berria izango du Zurrategiko kioskoak, berritze lanei ekin baitie Udalak 110.000 euroko aurrekontua zehaztuta. Era horretan, espazioa erabilgarriagoa bihurtu nahi du, Aritz Igeltz Hirigintza zinegotziak jakinarazi duenez: "Proiektua aurrera eramatea erabaki dugu, herrian behar bat baitzegoen kioskoa erabilera anitzagokoa izateko, egiten diren ekintzei-eta probetxu gehiago ateratzeko; hori izan da helburua".
Lan hauek egiteko Goizperren laguntza izan du Udalak, eta Tekniber Ingeniaritza enpresak egin du proiektua, udal aparejadorearekin. Horrez gain, Udalak azaldu du kontratisten artean Zabalo Igeltsaritza, Solberg Galdaragintza, Gezadekor Margoak eta Toldos Segura daudela.
Erabilera anitzagoak
Erabilera "anitzagoak" izango ditu, beraz, kioskoak aurrerantzean, hori baita xede nagusienetako bat: egiten diren ekintzetarako moldagarria izatea. Horretarako, ebaki bat egingo dute egun eskailera dagoen eremuan, eta, hala, plazarantz hamabi metroko ahoa duen agertoki bat geratzen da; are gehiago, eskaileraren gainean puntualki oholtza bat ere instalatzeko aukera egongo da, gainean toldo hedagarri bat jarrita estalita gera dadin.
Horrez gain, jardinerak kendu eta barandak izango ditu perimetro guztian kioskoak, jarri eta kentzekoak. Baina bada gehiago: "Toldo batzuk ere izango ditu kontzertuak-eta egiten direnean erabiltzeko; halere, kioskoaren gauza berezienetako bat izango da alde batera zein bestera egin ahalko direla antolatutako ekintzak".
Bukatze-epea
Lan hauen bukatze-epeari dagokionez, apiriletik uztailera bitartean egitea aurreikusten du Udalak, eta, horrela, uztailaren hasierarako erabilgarri egotea. "Espero dugu uztailaren 13rako egina egotea, gustatuko litzaiguke ordurako bukatzea; jaiak baino astebete lehenago, hain justu. Horrela, egun horretan zerbait berezia egiteko aukera izango genuke herriko taldeen parte hartzearekin: musikariak, antzerkilariak, dantzariak...".
Egin beharrak aurreikusi moduan eginez gero, berriz, herritarrek jaietarako motorrak berotzeko aukera izango dute ziur aski astebete lehenago.