Duela 40 urte senidetu ziren Aiherra (Nafarroa Beherea) eta Antzuola. 1984an senidetu ziren, bi herrietako zenbait pertsonak mendian topo egin ostean. "Herritik sortutako harreman bat da. Nik uste dut horrek baduela bere garrantzia, eta horrela jarraitu behar duela" adierazi zuen Olatz Lezeta, Antzuolako alkateak. Urtemuga ospatzeko egitarau zabala antolatu zuten Antzuolan, eta festa giroan murgilduta ibili ziren bi herrietako biztanleak.
Goizean, Oiogorri film laburraren emanaldia eskaini zuten, eta jarraian senidetzak iraun duen 40 urteetan ateratako argazkiak izan ziren ikusgai. Senidetzaren ikur den zuhaitza bisitatzera joan ziren hurrena, eta eguerdi partean bazkaria izan zuten. Eguna borobiltzeko, Itzal erromeria taldeak emanaldia eskaini zuen. Larunbatekoa ez zen izan urtemugaren lehen ospakizuna, aurrez, Seguran egin zen Iparra-Hegoa jaialdian ere ospatu zuten eta. Azkena ere ez da izango, hurrena Aiherren ospatuko dutela iragarri baitzuen Mikele Duhalde, Beltzuntzeko lehendakariak. Bi herrietako ordezkaritzak harremana beste 40 urtez luzatzeko gogoa erakutsi zuten.
Euskal Herria aldarri
Bi herrien senidetzak Euskal Herriaren batasuna eta nazio izaera aldarrikatzea du helburu. "Nazio bakarra garela aldarrikatzea da helburua. Euskal Herri bat garela. Beti urruti ikusten ditugu, baina, harreman sano bat izan daiteke, denak Euskal Herri baten gaudela" esan zuen Lezetak.
Erreleboa
Antolatzaileek adierazi dutenez, hurrengo belaunaldiak bertaratu eta harremantzea oso garrantzitsua da. Aurrez ere, bi herrietako gazteen harremanak sendotze aldera, hainbat ekimen antolatu izan dira, adibidez, Antzuolan pasa den urteko urrian Aiherrako gazteek egindako Amatxi Lezafi antzezlanaren emanaldia. "Aiherra eta Antzuolaren arteko harremana mantentzen da. Urtero elkartzen eta gazteak ekarrarazten ahalegintzen gara. Orain dugun helburua gazteak egun hauetara etortzea da" adierazi zuen Sabina Barbier, Beltzuntzeko lehendakariak. "Etorkizuna gazteen eskutan da, eta hori dugu erronka" gehitu zuen Duhaldek.