'Kontu kontari': Jexux Etxeberria Gantxegi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mar. 14a, 19:30

Herriko aguazila izan da 35 urtean 2014an erretiratu zen arte. Hainbat funtzio bete ditu; adibidez, uraren kontrola. Afiziotzat, berriz, bideokamerarekin aritzea izan du.

Oroitzapenak, bizipenak, kamera aurrean baino gehiago hamarretako edo bazkari on baten ostean etortzen direla dio Jexux Etxeberria Gantxegi (Antzuola, 1951) antzuolarrak, baina ondo baino hobeto gogoratu ditu horiek guztiak Iñigo Ramirez de Okariz herritarrak Goiena telebistan eginiko elkarrizketan, haurtzarotik gaur egunera arte.

Bizkalatza baserrian jaio zen Etxeberria, eta argindarraren potentzia etxetik nola kontrolatzen zuten izan du hizpide: "Errota eta depositua genituen gure sailean, eta burdinazko bolante bat sukaldean: harria igotzeko esaten zigutenean, eskuinera ematen genion bolanteari". Dirudienez, bolanteari ematean harri bat jasotzen zen errotan eta horrek urari ematen zion pasoa, eta argindarra sortu. "Iluntzerako ja argindarrarekin egoten ginen irratia entzuten. Eta labadora ere jartzen zen!".

Herriko eskolan ere ibili zen, eta, ondoren, Bergarako Seminariora jo zuen; eta Elementalean bukatu zuen. "Eskolan ibili egiten nintzen, ikasi asko ez. Dena den, Seminarioko irakasle batekin egin nuen topo Elementalean, eta hark erakutsi zidan liman eta. Ondo portatu zen nirekin". Azaldu zuenez, asko erakutsi zion hark, eta egun ere baliagarri zaio orduan ikasitakoa. "Gerora, Goizperren egon nintzen lanean, baina Gasteizko lantegi batera joan behar izan nuen".

Herriko aguazila

Langabezian izan zen ostean, eta lagun batzuek jakinarazi zioten Antzuolako aguazil postua irteteko zela. "Azterketa egin, eta hartu egin ninduten. 1979ko irailaren 2an hasi nintzen." Haren arabera, "beldurgarria" zen orduko udaletxearen barrua, eta, batik bat, ganbarako oroitzapena du gogoan. "Armairu handi bat zegoen botatzeko liburuekin eta. Kuxkuxeatzen hasi nintzen, eta ohartu nintzen herriko artxiboa zela". Are gehiago, horiek botatzekoak zirela ohartzean, berreskuratu egin zituen. "Eskapada latza izan zen hura!".

35 urteko ibilbidea egin zuen aguazil, 2014an erretiratu zen arte. Urte haietan guztietan, ordea, hainbat funtzio izan zituen; esaterako, ura kontrolatzea: "Akiñabeiko iturburuko ura hartzen zen Antzuolarentzat. Farmazia alboko iturrian hartzen nuen ura egunero pote batean, ea kloro gehiago behar zuen edo ez ikusteko". Hala bazen, Aitzako depositura joaten zen kloroa botatzera. "Ura zoragarria zen, edateko gozoa".

Horrez gain, Etxeberriaren arduretako bat zen herriko erlojua mantentzea ere –Errukizko Amaren parrokian dagoena–, Udalarena baita. "Korda hartu eta karrakarekin-eta han dauden hiru harri jasotzen ziren kable batekin; astero egiten nuen, kargatuta utzi behar zelako aurretik"; alegia, erlojuko orduak eguneratzen zituen astebeterako, eskuzkoa baitzen orduan, aldatu zen arte.

Herriko jaietako hontzaren jaitsierako sortzaileetako bat ere izan zen. "Andoni Rodriguez antzuolarra hontz-zalea zen, eta txantxetan aritzen ginen ea zergatik ez genuen egiten hontzaren jaitsiera". Bada, esan eta egin, 1991n izan baitzen lehen aldia. "Donostiara joan ziren zurez eginiko aterki-ontzi bat erostera, eta linternen bonbillak jarri genizkion, hontza eman zezan". Egungo hontzaren jaitsiera formalki, ordea, 2006an iritsi zen.

Bideokamera gainean

Bideokamera ere badu afizio Etxeberriak: "1990ean erosi nuen, eta grabazio asko egin ditut; digitalizatuta ere badaude liburutegian". Orain, filmatuta dituenak errepasatzen dabil: "Denbora pasatu egiten da, eta norbera ere zahartu egiten da; halere, bideoan jasota, nolabait, eutsi egiten zaio horri, noizbait ikusteko. Urtetik urtera balio handiagoa du".

Herriko aldaketak ere filmatu ditu, eta Antzuolan urte gutxian "gauza asko aldatu" direla dio: "Herria oso polita gelditu da: lantegi zaharrak bota dira etxeak egiteko, errekan obra egin zen, eta baita Torresoroa eraiki ere". Eta "onerako" ez ezik "txarrerako" aldaketak ere gogoan ditu: "Esate baterako, GI-632 saihesbideko errotonda".

Aholku bat

73 urte ditu Etxeberriak, eta herritarrei aholku bat ematekotan, "lehengo gauzak gogoan hartzeko" gomendatu die herriko gazteenei: "Jende askok egin du lan herri hau maite zuelako. Bada, hori esan nahiko nieke: herriaren inguruan pentsatu dezatela eta maitatu. Hala eginez gero, haien erara, baina aurrera egingo dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak