Irailaren 15ean hasi ziren Errekalde auzoa berrurbanizatzeko lanak, eta, bost hilabeteren ostean, Antzuolako Udalak jakinarazi du "obra zibilari" dagokionez "dena" dagoela bukatuta: "Epe barruan egin da lan guztia, baina argiteria gelditzen da. Materiala obraren hasieran eskatu genuen, eta farolak iritsi dira dagoeneko. Egun hauetan zehar dira instalatzekoak", adierazi du Aritz Igeltz Hirigintza zinegotziak. Horrez gain, nabarmendu du beste lau farol jarriko dituztela aparkalekua argiztatzeko, handiagoak, baina lau aste barru iristea espero dute; alegia, martxo erdialderako.
Hain justu, aparkalekuari dagokionez, Lazaretoa etxea eraitsi dute, eta, orain, 26 aparkaleku daude han. Horrez gain, eremu berean aparkaleku irisgarri bat dago, beste bat motorrentzat eta beste bi karga elektrikoarentzat. Hala ere, auzoguneko aparkalekuen kopurua gehituz gero –30 aparkaleku, eta horietako bat irisgarria–, 60 leku daude, guztira, ibilgailuentzako. Obraren aurretik, zehazki, 39 ziren, eta horietako bat irisgarria zen.
Parkea, gerora
Igeltzek azpimarratu duenez, 710.000 euro zehaztu zituzten hasieran obra egiteko, eta 90.000 euro aurreikusi zituzten ezusteko lanak eta hobekuntzak egiteko. Hala, nabarmendu du 800.000 euroko aurrekontua izan dutela, eta, dena gastatuta, ez dutela izan, esate baterako, jolas parke berria egiteko aski diru. Dena den, martxan dira dagoeneko, aurrekontuak eskatuta baitituzte.
Horrez gain, lan xumeagoak egitea ere falta da, hala nola zakarrontziak eta kaleko bankuak jartzea, eta auzoguneko baranda zahar batzuk berriengatik ordezkatzea. Are gehiago, azpimarratu du etxeetako fatxadak garbitzeko eta margotzeko daudela, obraren ondorioz zikindu egin direlako.
Errepidea kezkagai
Kezkatuta ere badago, ordea, Udala, GI-632 errepidetik igarotzen diren ibilgailuak "oso azkar" igarotzen direlako Errekaldetik. "Asmoa biribilgune bat jartzea zen, baina, azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen obra hori baimendu; abiaduraren arazoa, beraz, ez da konpondu". Nolanahi ere, Diputazioarekin batu da Igeltz, eta jakinarazi du "erreminta batzuk" eman dizkiela. Hala, errepidearen albo banatan dauden isletak handituko dituzte, errepidea estutzeko, eta, ondorioz, ibilgailuak motelago ibiltzeko; loreontziak ere jarriko dituzte espaloian, errepide aldera, estutzea are gehiago bermatzeko.