La Sportivako mendi lasterketen taldean arituko da Ibai Larrea korrikalaria (Antzuola, 2002). Urtarrilean hasita, bi urterako hitzarmena adostu du, hasiera batean, 2025eko abendura arte, luzatzeko aukera dagoen arren.
Espero al zenuen horrelakorik?
Ez da egun batetik bestera izan. Iaz, euren materiala bidaltzen aritu ziren, eta banuen susmoa agian interesa izan zezaketela ni taldean sartzeko. Otsailean egin da publiko, baina uda ezkero gabiltza hitz egiten.
Zer du horrelako hitzarmen batek?
Sare sozialak erabiltzeko eskatu didate, argazkiak-eta igotzeko, La Sportiva aipatzen eta marka erakusten. Lasterketei dagokienez, ekainaren 20an Italian egingo den batean parte hartzeko baldintza jarri didate, La Sportivak antolatzen baitu. Osterantzean, egutegi propioa egiteko aukera eman didate, ontzat eman beharko luketen arren.
Izango al zara A8M lasterketan?
Egiteko asmoa nuen, baina joan den astean abisatu zidaten La Sportivako guztiok elkartzeko topaketa bat egitekoak direla Bartzelonan, eta asteburu horretan egingo da, justu. Beraz, ezin izango naiz Antzuolan egon.
Zer espero duzu urte honetaz?
Sekulako gogoa dut. Beste etapa bat hasiko da niretzako. Marka batean sartzeak ate gehiago irekitzen dituela uste dut, ezagutzera emateko aukera gehiago dituela, eta baita bidaiatzeko eta kanpoko lasterketak egiteko ere. Sekulako gogoa dut, eta ilusioz heltzen diot urteari.
Eta etorkizuna?
Hasiera batean, itxura oso ona du eta jarraitzeko gogoz nago, baina ikusiko da nola nabilen.