La Sportivako mendi lasterketen taldean arituko da Ibai Larrea antzuolarra, "korrikalari aseezina" delako, izan "atletismoan, krosean eta, noski, trailean", La Sportivak sare sozialetan nabarmendu duenez. "Pauso bakoitzean erakusten du bizitza ikusteko bere modua. Jarraikortasunak, umiltasunak eta egiten duenarekiko grinak eraman dute korrikalari onenekin batera aritzera, soilik 21 urterekin". Haren arabera, "gaztetasunaren potentzialitatearen eta esperientzia zabalaren koktel bat da", eta "harro" daude Larrea taldean izateaz.
Larrearen garaipen batzuen berri ere eman du, esate baterako: mendi lasterketako Munduko Txapelketan txapeldunorde izan zen 20 urtez azpikoen mailan, 2022an; horrez gain, Espainiako Kilometro Bertikaleko Txapelketan txapelduna izan zen, 23 urtez azpikoetan, eta, absolutuan, gainera, laugarren egin zuen, 2023ko otsailean. Are, erantsi du Espainiako Trail Running txapelketan ere lehenengo egin zuela 23 urtez azpikoen mailan eta hirugarren absolutuan, 2023ko apirilean.