Malen Osa oñatiarra eta Ibai Larrea antzuolarra dira Espainiako Kilometro Bertikal Txapelketako txapeldunak, 23 urtez azpikoetan. Atzo neurtu zituzten indarrak Murtzian, eta emaitza ezin hobeak lortu zituzten biek; 23 urtez azpikoetan Espainiako txapeldunak izateaz gain, kategoria absolutuan Osa hirugarren eta Larrea laugarren postuan sailkatu baitziren. Oñatiarrak 47 minutu eta 43 segundo behar izan zituen helmugara iristeko eta antzuolarrak, 40 minutu eta 23 segundo.
Biak ala biak gustura agertu dira emaitzarekin bientzat baitzen. Osak adierazi du espero zuela halako emaitza, baina muskularki ez dituela sentsazio onenak izan. Hala ere, pozik dago absolutu mailan ere gertu ibili delako aurreneko bi postuetatik "maila handia zegoelako". Larrearen kasuan, ez zuen emaitza espero: "Okerrago ibiliko nintzela pentsatzen nuen. Gainera, helmugara iritsi arte, ez du jakin absolutuetan laugarren postua lortu dudanik".
Proba "gogorra"
Bientzat izan da aurreneko bertikala eta"gogorra" izan dela aitortu dute bi kirolariek. Halabaina, biek taktika ezberdina erabili dute. Osaren esanetan, "topera hasi eta amaitu dut. Ohitu gabe nago eta gorputza guztiz zukutu dut. Pila bat disfrutatu dut". Larrearen kasuan, progresiboki indarrak neurtzen joan dela dio, eta bukaeran, "dena eman" duela.
Hurrengo helburuak finkatuta dituzte. Ibai Larrea datorren astean Antzuolan izango den 8 Miliak lasterketan lehiatuko da. Ondoren, martxoaren 5ean Urretxu-Zumarragan jokatuko den Euskadiko Trail Txapelketan hartuko dute parte; apirilean, berriz, Mendi Federazioak Mendaron antolatutako Kilimon Trail txapelketan. Halaber, Malen Osak aurreratu du Katalunian izango dela kilometro bertikaleko Munduko Txapelketarako plaza bideratzeko. Larreak azaldu du joateko asmoa duela, baina ez dagoela ziur. Munduko Txapelketa ekainaren 8tik 11ra bitartean izango da Austrian.