Liburutegira gerturatzea xede, komikien bitartez

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urt. 11a, 14:43

Antzuolako Udalak eta Udal Liburutegiak elkarlanean, gaztetxoentzako irakurketa klub bat eratu nahi dute; euskarazko komikiak oinarri, Mari Garcia eta Mattin izango dira gidari egingo diren hiru saioetan. Horrela, irakurzaletasunean eragin nahi dute.

8 eta 12 urte arteko gaztetxoak liburutegira eta liburuetara gerturatzeko asmoz, Ilustrazioz blai izenpean irakurketa kluba jarri nahi dute martxan Antzuolako Udalak eta Udal Liburutegiak, komikiak bitartekotzat erabiliz. Horretarako, astelehenean, urtarrilak 15, irekiko da izen-ematea, hilaren 27ra arte.

Komikia edo eleberri grafikoa adin tarte horretan asko irakurtzen den genero narratiboa dela adierazi du Ane Leturia Antzuolako liburuzainak. "Uste askoren aurka, komikiak irakurtzea irakurtzea da. Istorioak kontatzen dituzte, eleberriek bezalaxe; gehienetan, hitzak irudien bidez osatzen dira, irudiz bakarrik osatutako komikiak ere badauden arren". Haren arabera, komikia "geroz eta indar handiagoa" ari da izaten adin tarte horretan, eta irakurketa ohitura ere "nahiko errotuta" dago, baina uste du "beheranzko joera" hartu duela. "Irakurzaletasuna sustatzea laguntzeko asmoa du ekintza horrek".

Komikiak, gainera, euskarazkoak izango dira. "Agian, adin tarte horretarako eskaintza ez da oso zabal euskarazkoetan. Ez da gaztelerazkoaren adinakoa, eta, irakurketaz gain, hizkuntzan ere eragin nahi da ekimen horrekin". Horretarako, Leturiak gaineratu du badela gaztetxoentzako komikiz osatutako txoko bat liburutegian, "urtez urte hazten" doana, eta erabiltzaileen proposamenak ere jasotzen dituztela. Ekimen horrekin, ordea, beste urrats bat egin nahi dute: "Eurek ere eskaintzan aukera izatea, liburutegitik antolatzen diren ekintza gehienak ez baitaude adin tarte horretara zuzenduta".

Guztira, hiru saio

Hiru saio zehaztu dituzte klubean, eta Mari Garcia eta Iñaki Martiarena Mattin izango dira dinamizatzaileak: otsailaren 29an, apirilaren 18an eta maiatzaren 16an. Liburutegian izango dira hitzorduak, 17:00etatik 18:00etara, eta lehenengo bietan Garcia izango da dinamizatzailea. Aurrez hautatutako komikiak landuko dituzte, parte hartzaileei ale bana emanda. Hirugarren saioan, berriz, Mattin izango da gidari, ilustrazio tailer batean.

Hala, asmoa da hamar laguneko taldea osatzea, eta, beraz, antolatzaileek ohartarazi dute plazak mugatuak direla. Izen emate ordena errespetatuko da, eta interesa duen orok liburutegian eman dezake izena. Baita liburutegia@antzuola.eus helbidean, mezu bat bidalita, edo 673 90 53 28 telefono-zenbakira deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak