Binakako txapelketa nagusia aurkeztu du Ados Pilota elkarteak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 15a, 14:07

Promozio eta lehen mailako partiduak jokatuko dira; guztira, 58. Finala Antzuolan izango da, eta elkarteko kideak "oso eskertuta" daude. Tartean dira Nagore eta Leire Galeano pilotari antzuolarrak eta Maddi Barrokal bergararra.

Binakako txapelketa nagusia aurkeztu du Ados Pilota elkarteak, Antzuolan. Bihar hasiko da Latasan (Nafarroa), eta apirilaren 21era arte luzatuko da. Hirugarren edizioa izango da datorrena, eta Iera Agirre Ados Pilota elkarteko kideak eta pilotariak jakinarazi du "inoiz baino indartsuago" daudela.

Hain justu, 58 partidu jokatuko dira guztira. Promozio mailan lau bikote arituko dira lehian eta lehen mailan, berriz, zazpi. Lehen itzulian liga erako bat egingo da, joan-etorrian, eta horrek ahalbideratuko du pilotari bikote batzuk hurrengo faseetara sailkatzea. Promoziokoei dagokienez, sailkatuko diren bi bikoteek zuzenean jokatuko dute finala; lehen mailan, aldiz, lehen lauek finalerdiak jokatuko dituzte, eta bi bikote garaileek, ondoren, finalak.

Finala, Antzuolan

Antzuolan jokatuko da final handia apirilaren 21ean. Elkarteak iazko txapelketa amaitu aurretik jaso zuen finala han jokatzeko proposamena, eta Agirrek aitortu du "oso eskertuta" daudela, udalak "arnasgune" dituztelako. Gainera, babes hori izanda, errazagoa zaie emakume pilotari profesionalen ikusgarritasuna bermatzea.

Pilotari horien artean badira debagoiendarrak ere. Nagore Galeano antzuolarra, esate baterako, promozio mailan arituko da, Perez bikote duela. Lehen mailan, berriz, Leire Galeano antzuolarra eta Maddi Barrokal bergararra arituko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak