Irteerak, natura parkeak ezagutzeko asmoz

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 20a, 17:45

Euskal Herriko natura parkeen "ezaugarri nabarmenak" ezagutzeko, irteerak egiteko aukera izango dute datorren urtean herritarrek, Arrola mendizale elkartearen eskutik. Hilean bat edo bi egingo dira: lehena, urtarrilaren 20an; azkena, abenduaren 14an.

Herritar talde baten ekimenez, Euskal Herriko natura parkeak ezagutaraztea izango du datorren urtean asmo nagusienetako bat Arrola mendizale elkarteak, eta pasa den eguenean egin zuten horren berri emateko aurkezpena. Natura parke horien "ezaugarri nabarmenenak" ezagutzea dute xede, ohikoak ez diren ibilbide zirkularrak zein linealak eginda.

Hilean behin egingo dira irteerak, zapatuetan; abuztuan, ordea, ez da egingo, eta urrian eta azaroan, berriz, bi antolatuko dituzte. Ekainean, gainera, asteburu osoko irteera bat egiteko proposamena ere esku artean dute. Era horretan, antolatzaileen nahia da antzuolarrak eta bailarako beste herritar batzuk elkartzea eta jakintza partekatzea, kirola ez ezik, natura eta kultura ere sustatu nahi baitituzte. "Helburu bakarra ez da ibiltzea, ariketa fisikoa egitea, baizik eta zapaltzen ditugun lurralde eta eremuen ezagutza jasotzea, inguruko soziologia eta kulturarekin bat egitea". Aldez aurretik proiektuarekiko konprometitzea ere eskatu dute, era berean.

Irteeretan parte hartzeko, ordea, antolatzaileek aholkatu dute hobe dela mendian federatuta egotea. Horrez gain, jakinarazi dute autobusa izango dela garraio tresna, eta Arrola elkarteak zein parte hartzaileek ordainduko dutela, erdi bana. Irteerei dagokienez, ezaugarrien informazio fitxa izango du bakoitzak, baina informazio gehiago nahi izan ezkero, arrolamt@gmail.com helbidera idatzi daiteke.

2024ko federazioa

Datorren urterako mendian federatzeko aukera ere zabalik dago, Arrola elkartearen eskutik. Horretarako aurrez aurreko saioa joan den astean izan zen, Olaran kultur etxean, baina abenduaren 22ra arte posta elektronikoz federatu daiteke. Eskaerak eta zalantzak arrolamt@gmail.com helbidera bidali behar dira.

Irteeren egutegia eta natura parkeak

Arrola mendizale elkartearen eskutik, 2024an hamahiru irteera egingo dira Euskal Herriko natura parkeetara. Urtarrilaren 20an izango da lehena eta abenduaren 14an azkena.

  • Urtarrilak 20 Urkiola (Araba eta Bizkaia).
  • Otsailak 24 Armañon (Bizkaia).
  • Martxoak 16 Izki (Araba).
  • Apirilak 20 Pagoeta (Gipuzkoa).
  • Maiatzak 11 Bardeak (Nafarroa).
  • Ekainak 15-16 Irati eta Basabürua (Zuberoa).
  • Uztailak 27 Aiako Harria (Gipuzkoa).
  • Irailak 21 Urbasa-Andia (Nafarroa).
  • Urriak 12 Valderejo (Araba).
  • Urriak 26 Aralar (Gipuzkoa eta Nafarroa).
  • Azaroak 9 Bertiz (Nafarroa).
  • Azaroak 23 Gorbeia (Araba eta Bizkaia).
  • Abenduak 14 Aratz-Aizkorri (Araba eta Gipuzkoa).

Ekainaren 15ean eta 16an asteburu osoko irteera egingo da. Abuztuan, berriz, ez da irteerarik egingo

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak