Batzar irekia eginda, aurrera begira da Antzuolako Euskara Batzordea

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ira. 20a, 14:35

Legegintzaldi honetako berritasunetako bat da Euskara Batzordea Antzuolako udalean, aurrekoan ez bezala, oraingoan arloak batzorde propioa izateko hautua egin baitzuen udalbatzak. Euskarak herrian bizi duen egoeraz kezkatuta dago, eta herritarrekin partekatu nahi izan du ardura.

Irailaren 19an, martitzena, egin zuten lehen batzar irekia, euskararen kale erabilerak behera egin duela jakinda. Jasotako datuen arabera, herritarren %74,8 gai da euskaraz hitz egiteko, baina soilik hamarretik seik hitz egiten du hizkuntza horretan kalean.

Hamar herritarrek osatutako taldea bildu zen, eta Olatz Lezeta alkateak eta Miren Zubikarai euskara teknikariak lagun izan zuten UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikaria ere, lehen batzarra gidatu ahal izateko. Azalpenak eman zituzten, eta herritarrek euren ikuspegia emateko aukera ere izan zuten, Udaletik uste baitute hobe dela elkarrekin egitea "hiru pertsonaren artean" egin baino.

Hurrengoan, beste bat

Lehen urratsa beraz, egina dute, herritarrekin batu baitira, baina orain aurrera begira eman nahiko lituzketen pausoak zehaztea falta da. Horretarako, inkesta bat pasatu dute batzarreko parte hartzaileen artean, maiztasunak eta asmoak jakin asmotan.

Datozen asteetan zehaztuko dute datorren bileraren data zehatza, eta Udalak jakin bezain pronto jakinaraziko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak