HEMEN DEBAGOIENA

Zishan Tariq izango da Antzuolako Alardeko mairua

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko eka. 8a, 17:33

Uztailaren 15ean, zapatua, izango da Mairuaren Alardea, herriko jaietan, eta orduan egingo du estreinaldia Tariqek. Esperientzia "berria eta interesgarria" dela dio, eta, orain, ikastea dagokiola. Horretarako, alardearen elkarteko kideak izango ditu alboan.

Kostata, baina, azkenean, Antzuolako Alardeak badu mairua, Zishan Tariq antzuolarrak hartuko baitu Juan Carlos Gomezen lekukoa, bere burua propio horretarako aurkeztu ondoren. "Urtero ikusten dut Alardea, baina ez zait inoiz burutik pasatu ere egin parte hartzea. Aurtengo kontua izan da. Lagun batek esan zidan mairua falta zela, eta apuntatzeko. Animatu egin nintzen, eta eskuzabalik hartu ninduten elkartekoek".

Mairuaren Alardearen Kultur Elkarteko kidea da Xabier Legorburu, eta "oso gustura" daude Tariqen izendapenarekin. "Bazen, zelanbait, bila ari ginena: Antzuolako gazte batek bere burua eskaini du Alardean parte hartzeko, eta, gainera, horrelako postu esanguratsu baterako". Haren arabera, mairua izateak "berezitasunak" baititu. "Plaza gizona-edo izan behar da plazan agertzeko, tenplearekin egoteko. Bada, orain rol horri dagokion zer egina zein den ikasi beharko du".

Tariqek ere argi du orain ikastea dagokiola. Mairuaren arropak probatu beharko ditu lehendabizi, eta zaldiaren gainean nola ibili ere ikasi beharko du, mairua hala ageri baita Alardean. "Lehengo mairuarekin ere egon beharko dut, gauzak nola egin behar ditudan ikasteko; praktikatu egin beharko dut, nola hitz egin behar den jakin". Alabaina, erantsi du horretarako elkarteko kideak ere alboan izango dituela, eta horixe bera berretsi du Legorburuk. "Gu hor egongo gara, eta baita Juan Carlos ere. Prest dago Zishanen ondoan egoteko eta erakusteko; alde horretatik, ez du laguntzarik faltako".

Herriari eginiko deia

Alardeak, beraz, badu mairua, baina parte hartzaile gehiago behar ditu. Legorburuk azaldu duenez, oro har, ahoz ahokoari esker lortu izan dute jendea, baina pandemiaren ostean beldur ziren. "Iaz mahai bat jarri genuen izen ematerako, eta uste dut positiboa izan zela. Aurten ere horrela egin dugu, eta parte hartzaile berriak ditugu. Batetik, aurretik parte hartu izan duen jendea dago, baina, bestetik, izan dugu aukera herritar gehia- gorengana iristeko ere". Hala ere, aitortu du ez dutela "nahi beste" jende erdietsi.

Parte hartu nahi duenak, ordea, oraindik badu horretarako aukera. 643 52 96 00 telefono-zenbakia eta antzuolakoalardea@gmail.com helbidea jarri dituzte eskura, eta entseguen daten berri ere eman dute: uztailaren 5ean eta 12an egingo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak