Gaur egungo alkate Beñardo Kortabarriak gidatu zuen euriak baldintzatu zuen ekitaldia. Azken agintaldiko balorazio positiboa egin ostean aurrera begira arreta jarri zuen, besteak beste, zaintzan, mugikortasunean, larrialdi klimatikoan eta Antzuolan galtzen ari den euskararen erabileran.
Hain zuzen ere, Olatz Lezeta alkategaiak euskarak Antzuolan bizi duen inboluzioari buelta eman behar zaiola adierazi zuen: "Kezka handia dugu, garbi ikusten ari garelako gero eta euskara gutxiago egiten dela berba Antzuolan. Lanketa handia egin beharko dugu gai horretan ere, ordu asko sartu beharko ditugu".
Ekitaldian zehar Lezeta bera elkarrizketatu zuen egungo alkate Beñardo Kortabarriak eta Aritz Iguelz eta Onintza Legorburu zerrendakideek ere hartu zuten hitza. Lehena zaintzaren eta etxebizitzaren arloan eman beharreko aurrerapausoez aritu zen bereziki eta bigarrenak, berriz, krisi klimatiko eta ekologikoa izan zituen hizpide batez ere.
Mikel Bargielak bertsoz eta zuzeneko musikaz girotutako ekitaldiaren amaieran Olatz Lezetak aurreko taldearen lana goraipatu zuen eta azpimarratu zuen oso harro dagoela datozen lau urteetan ondoan izango duen taldeaz. "Lan asko eta ona egin dute azken lau urteetan, eskertzekoa da. Ea guk beste horrenbeste egiten dugun. Nahiz eta ni alkatea izan taldean egingo dugu lan".
Domekara begira gogotsu eta ilusioz josita dago Lezeta eta uste du emaitzak hobetzeko tartea badagoela oraindik ere: "Esperantza dugu zinegotzi bat gehiago lortzeko, ea posible den".
Amaieran ekitaldia jarraitzera joan ziren antzuolarrek aukera izan zuten, mokadutxo baten bueltan, zerrendakideekin egoteko.