Olalde pilota elkarteak bigarren aldiz antolatu du Atzeko Herri Txapelketa, Antzuolako udal pilotalekuan. Guztira, 73 parte-hartzaile arituko dira pilotan, eta egubakoitzean hasiko dira partidak, Pedro Iturbe elkarteko kideak azaldu duenez. "17:30ean, pilota eskolako umeak arituko dira, txikienetik handienera. Gauean, 23:30ak arte iraungo dute partidek, eta zapatu goizean hasiko da bigarren fasea". Egun osoa igaroko dute zapatuan pilotalekuan, 09:00etatik 20:00 aldera arte: "Finala orduan izatea aurreikusten baitugu".
8 eta 47 urte arteko herritarrek hartuko dute parte, eta antolatzaileek uste dute elkar ezagutzeko bide ematen duela horrek. "Frontoia nahiko eremu bakartia izaten da pilotarientzat, eta herritarrak frontoian egotea inportantea da; garai askotariko jendea batzea eta elkar ezagutzea, giro onean". Nabarmendu duenez, iaz "harreman oso aberasgarriak" egin ziren, eta aurten ere hala izatea espero dute. Horregatik, afari-merienda egingo dute txapelketa amaitu ostean.
Berreskuratzeko nahia
Iaz berreskuratu zuten txapelketa, aurrez ere egiten zela jakinarazi baitu Iturbek, informazio zehatzik ez duten arren. "Frontoian edo kalean beti entzun izan dugu lehen egiten zela txapelketaren bat, hainbat formatutan: banaka, binaka, kanpoko frontoian... Eta guk formatu honi ekitea erabaki genuen".
Pilotalekuko atzeko paretan jokatuko dira partidak, banaka, eta Iturbek uste du horrek "biltze" sentsazioa dakarrela. "Aurrean jokatuta, agian, handiegia gera daiteke pilotalekua; hau formatu egokiagoa da adin guztietarako".
Hainbat fase izango ditu eta arauak aldatu egingo dira. Parte-hartzaile bakoitzak, ordea, gutxienez bi partida jokatuko ditu hamarrera, eta finalean ere hamarreko bi partida jokatu beharko dituzte. Alabaina, berdinketa badago, bostera hautsiko dute. Pilota atzeko espazioan sartu behar da.
San Isidro txapelketa
Domekan, berriz, San Isidro emakumezkoen pilota txapelketako finalerdiak jokatuko dira, 10:30ean. Izurritearen aurretik egin zuten lehen aldiz, eta berreskuratzeko hautua egin dute, neska pilotariek "txapelketak egiteko aukera askorik ez dutelako". Martxoaren 19an jokatu zituzten lehen partidak eta maiatzaren 13an izango da finala.