Martxan dira Jauregiko tunela konpontzeko lanak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 25a, 16:29

200.550,75 euroko aurrekontua zehaztuta, Egurki enpresari esleitu dizkio lur-jausiak eragindako ondorioak konpontzeko lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lau hilabeteko epea dute horretarako, eta tunelaren bi sarreretan harri-lubetak ere jarriko dituzte.

Luze jo du itxaronaldiak, baina, hiru urteren ostean, Jauregiko tunela konpontzeko lanak hasi dituzte. Egurki enpresako langileak dabiltza astelehena geroztik zeregin horretan, eta asmo dute tuneleko sarreretako batean pilatutako lurra jasotzeaz gain, ingurua txukuntzea eta gerta daitezkeen lur mugimenduak eragoztea.

Hain justu, 2019ko abenduaren 13an gertatu zen lur-jausia trenbide zaharreko gune horretan, eta itxita egon da ordutik Jauregi baserriaren barrenean den tunela. Hainbat izan dira herritarrek eginiko eskaerak gunea txukuntzeko, askok erabiltzen baitute egunerokoan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko sailarena da lan hauek egitearen ardura, eta hiru urteotan behin baino gehiagotan hartu du konponketak egiteko konpromisoa; hala ere, azkenean, 2022ko abenduaren 2an esleitu zitzaion obra enpresa bati, iazko urtarrilerako egin beharreko lanen berri emana bazuen ere.

200.550,75 euro

Behin obrak esleituta, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi duenez, iazko abenduaren 23an formalizatu zuten kontratua Egurki enpresarekin, eta 200.550,75 euroko aurrekontua zehaztu zuten. Hala, aurreikuspenen arabera, espero dute lanak lau hilabeteko epean amaitzea, bertan jardunean dabiltzan langileek aitortu duten arren eguraldiak baldintzatu dezakeela obra eta euren egunerokoa.

Dena den, hasiak dira lanak egiten. Ingeniaritza azterketak egin dituzte aurrez, zer egin zehazteko, eta tartean aritu dira geologoak ere lurraren nolakotasuna eta joera aztertzen. Bada, hortik ateratako ondorioekin zehaztu dituzte oraingo zereginak.

Lur-jausian pilatuta dagoen lurra erretiratzea izango da lehen lanetako bat, eta ingurua ere txukunduko dute, kaltetuta dagoen tuneleko sarrera ahalik eta baldintza seguruenetan egiteko; besteak beste, goitik etor daitekeen ura desbideratzea izango da proiektuetako bat. Horrez gain, tuneleko bi ahoetako alboetan harri-lubetak jarriko dituzte lurra eusteko, mendebaldeko eta ekialdeko luizietan bide berdearen egonkortasuna ziurtatzeko, lur mugikor samarrak baitira.

Beraz, lan horiek bukatuta, erabilgarri izango da berriro ere Galardi baserritik (Antzuola) Bergarara arteko trenbidea, mozketarik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak